Mallabiko markaren irudia berritu nahi du Udalak eta gaur egun hain garrantzitsua den ingurune digitalera egokitu. Horretarako, lau logotipo sortu dira, "banderaren koloreak eta Mallabia bera definitzen duten hiru ardatz kontuan hartuta: natura, hurbiltasuna eta gure sustraiak".
Orain, mallabitarren iritzia jasotzeko bozketa egingo dute. Botoa emateko baldintza bakarrak izango dira: herrian erroldatuta egotea eta 18 urtetik gorakoa izatea.
Botoa nola eman
Udalak lau diseinuak dituen bozka-paperak banatuko ditu etxez etxe. Herritarrek gustukoen dutena markatu beharko dute, eta udaletxean zein Kultur Etxean egongo diren bozka-ontzietan sartu. Bestela, bertan ere egongo dira bozka-paperak eskura.
Ekainaren 28an bukatuko da botoa emateko aukera.
Aldaketak egiteko prest
Udalak adierazi duenez, diseinu horiek ez dute zertan definitiboak izan eta herritarrek esan beharrekoak entzun nahi dituzte: Bozka-paperetan, logotipo posibleez gain, Ekarpenak atala gehitu dute, edozein ideia edo aldaketa posible bururatuz gero, bertan jasotzeko. Baleko proposamenik balego, "aldaketak egiteko prest" egongo direla azaldu dute.