Mallabiko alkatea den Igor Aguirrek azaldu duenez, Orbea beste herri batera joateko zorian egon zen 2019an, hazten jarraitzeko leku falta zuelako Goitondo Industrialdean. Ordutik, Mallabiko Udala enpresarekin elkarlanean aritu da, eragin garrantzitsua izan du bide horretan eta laguntza eman du ekoizpen-instalazio berrietan inbertitzea posible izan dadin, Udalaren esanetan.
Orbeak Idesa enpresaren eraikina erosi du, hala nola Idesa aurrean dagoen Hierros Servandoren pabiloi handi bat, eta Focs enpresaren ondoan dagoen lursailaren zati bat, besteak beste. Gainera, 2026a inguruan, Orbearen parean dagoen Hierros Servando enpresaren eraikina erosiko du baita ere.
Gaur egun, Orbeak duen eraikin nagusia Mallabian dago, eta kooperatibak dituen mila langileetatik, zortzirehun baino gehiagok Mallabiko egoitzan egiten dute lan. Eraikin berriak martxan daudenean, "hemendik lau edo bost urtera —Aguirreren esanetan—, bi mila langile inguruk egingo dute bertan lan".
375 milioi euroko fakturazioa urtean
Orbearen ibilbidea 1840. urtean hasi zen, Eibarren, armen fabrikatzaile gisa, baina urteekin enpresak bere jarduera aldatu zuen, eta gaur egun txirrindularitza munduko izen handienetako bat da. 1931n bizikleten ekoizpenari ekin zionetik, enpresa hasi eta dibertsifikatu egin da, eta 1975etik egoitza nagusia Mallabian dago.
Urtero, 375 milioi euroko fakturazioa du, eta Mallabiko Udalaren arabera, "hedapena ez da soilik Mallabiko eta inguruko herrietako biztanleentzat enplegu aukera bat. Izan ere, merkataritza jarduera handia erakartzen du, tokiko ekonomia bultzatuz".