Mallabiko Udalak sarbide berria egiten dihardu Hambretik Arandoño eta Berano Nagusi auzoetara joateko, "gaur egun dauden sarbideak oso arriskutsuak direlako", azaldu dute arduradunek. Sarbide berria Hambre taberna eta Eguzki Alde jatetxearen artean eraikiko da, eta bertatik sartuta, metro batzuk egin eta gero, bi errepide eraikiko dira: bat Arandoño auzora joateko, eta bestea Beranora.
Errepidearen beste aldean, San Pedro ermitara joateko sarrera-irteera dago, eta bidegurutze hau ere hobetuko da, segurtasun elementuak jarriz. Gainera, Orbea enpresaren inguruan dagoen maldatxoari altuera kenduko zaio, bi metro hain zuzen ere, inguru horretarako segurtasuna handitzeko baita ere. Lanak bukatutakoan, autobus geltokia eta zebra bideak egingo dira.
Obra honen aurrekontua 4.000.000 eurokoa da, eta diru kopuru horretatik Bizkaiko Foru Aldundiak 3.500.000 euro jarriko ditu eta Mallabiko Udalak 500.000 euro. Obrak martxan daude eta 24 hilabete iraungo dute.