Skate park-a eta BTT-BMX pista eraikiko dira Zubitegi Kirol Parkean

Dorleta Vidal 2024ko abe. 13a, 07:00

Mallabiko Udalak jakinarazi duenez, laster hasiko dira Zubitegi parkeko bigarren faseko obrak. Horiei esker, skate park bat eta bizikletan ibiltzeko BTT-BMX pista eraikiko dira, eta ondorioz, parkearen egungo aisialdi eskaintza zabalduko da.

Arduradunek azaldu dutenez, skate parka bi zatitan egongo da banatuta: park estiloko gunea (elementu ezberdinak izango dituena) eta bowl-a, skatearekin, patinekin eta scooter patineteekin zein bizikletarekin erabili ahal izango dena. BTT-BMX pistari dagokionez, "campillo" estilokoa izango da, eta helduei zuzenduta egongo da: "Hiruzpalau bide eraikiko dira aldapa eta peralte ezberdinekin, saltoak egin ahal izateko, eta behean lurra izango du, hau da, ez da asfaltatuko", azaldu du Mallabiko alkatea den Igor Aguirrek.

Obra hauek 400.000 euroko aurrekontua dute, eta Udalak 96.000 euroko dirulaguntza jasoko du Bizkaiko Foru Aldunditik. Obrek zortzi hilabeteko iraupena izango dute, beraz, udaberrian bi azpiegitura hauek martxan egotea espero dutela adierazi du Aguirrek.