Udalak 500.000 euro bideratuko ditu sarbideak hobetzera eta beste 190.000 euro erreka berreskuratzera

Ander Gomez 2025ko eka. 6a, 13:08

Berano eta Arandoño auzoetako sarbideak berrantolatzeko obrak egingo ditu Mallabiko Udalak, Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan. Bestalde, URA Agentziarekin elkarlanean hasitako Zubitegi erreka lehengoratzeko lanak hurrengo fasera pasako dira.

Udalerriko irisgarritasuna bermatzeko eta ingurumenaren kalitatea hobetzeko bi esku-hartze garrantzitsu ditu martxan Mallabiko Udalak:

Berano eta Arandoñoko sarbideak hobetzeko lanak

Alde batetik, 500.000 euro bideratuko dituzte Berano eta Arandoño auzoetako sarbideak hobetzeko. Proiektua BI-2301 Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean garatuko da, eta errepideko sarbide nagusia eta bigarren mailako hainbat bide berrantolatzea aurreikusten da, trafikoaren segurtasuna eta funtzionamendua hobetzeko helburuarekin.


Proiektuaren planoa. Iturria: Mallabiko Udala.

Igor Agirre alkateak proiektuaren hiru onura nagusiak nabarmendu ditu: bide-segurtasuna bermatzea, enpresa-jarduera indartzea eta Mallabiko azpiegituren konektibitatea erraztea. Horrez gain, azpimarratu du proiektua “herritarren ongizatea eta ingurunearekiko errespetua kontuan hartuta” planteatu dela.

Zubitegi erreka lehengoratzeko prozesua

Bestetik, Zubitegi erreka berreskuratzeko bigarren faseari ekingo zaio ekainean. Lehenengo fasean 73.947,19 euro inbertitu ziren, oraingoan 192.406,87 euro bideratuko dira, eta kostua URA Agentziak finantzatuko du guztiz. Asmoa da lurpeko kanal zaharra eraistea eta errekaren ezkerraldeko ingurunea lehengoratzea.

Lehenengo faseko prozesuaren irudiak, 2021ean. Iturria: URA Agentzia.

Alkateak azaldu duenez, proiektuak herriko biodibertsitatea babesten eta garapen jasangarria bultzatzen lagunduko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.