Udal langileen baliabideak eta gaitasuna hobetzeko bidean dago Mallabiko Udala. Alde batetik, ibilgailu berria lortu du udal brigadarentzat, Bizkaiko Foru Aldundiak utzita. Bestetik, bide bazterren mantenuan inbertsioa egiteko beharra ikusi dute, azken urteetan Mallabiko hainbat txokotan landaredia gehiegi hazi dela detektatu ostean. Egoera horri erantzuteko, orain arte erabilitako traktoreari erantsiko zaion makina erosi dute.
Makina berri honen espezifikazio teknikoen artean, bere hedadura teleskopikoa eta sistema tekniko aurreratua nabarmendu dituzte. Azaldu dutenez, teknologia honi esker, auzo desberdinetako bide estuetan egin beharreko lanak errazago, eraginkorrago eta seguruago izango dira udal langileentzat. Guztira, 47.409,01 euroko inbertsioa egin da, eta nekazaritza eta obra publikoaren makinerian espezializatuta dagoen Reyvena enpresa nafarrari egin zaio enkargua.