Esprinean erabaki da Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapa, eta tropeleko txirrindulari azkarrenak lehiatu dira azkeneko metroetan. Itziarretik jaitsi direnean, helmugarako hamazazpi bat kilometro falta zirenean, harrapatu du tropeleko talde nagusiak ihesean zihoan bikotea, Stine Dale (Coop Repsol) eta Valentina Cavallar (Arkea-B&B Hotels Women) eta handik helmugara artekoa elkarrekin egin dute.
Tropeleko talde nagusiaren buruan zen Demi Vollering (Sd Worx), Itzulia irabazteko hautagai nagusia, eta hark zuzendu du taldea helmugara artekoan; hark egin ditu, hein handi batean, gidari lanak, eta ondo baliatu du haren lana bere taldekide Mischa Bredewoldek esprinean. Besoak altxata, pozarren sartu da herbeherearra helmugan eta oso eskertuta agertu da bukaeran taldekideekin, gaur bere alde egindako apustuagatik. Bigarren Arlenis Sierrak (Movistar) egin du, eta Demi Vollering bera izan da helmugaratzen hirugarrena.
Elgoibarren irabazita, liderraren mailotarekin abiatuko da bihar Bredewold, Itzuliko bigarren etapan. Sailkapen nagusian Sierra dago bigarren, lau segundora eta Vollering hirugaren, sei segundora.