Debabarreneko 60 enpresatik gora bildu ziren Izarra Zentroan

Drogetenitturri 2024ko eka. 15a, 07:31

Batzarraren osteko talde argazki ofiziala. BPTD

Basque Precision Technology District enpresa taldearen batzarra burutu zen atzo, ostirala, Izarra Zentroan. Eskualdeko punta-puntako enpresetako 60 ordezkari bertaratu ziren, baita Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundietakoak, Debegesakoak eta Ermuko Udalekoak ere. 

Ekainaren 14an, ostirala, eskualdeko industriako enpresek osatutako BPTD Enpresa Batzarra egin zen Izarra Zentroan.

Juan Carlos Abascal alkateak egin zuen ekitaldiaren irekiera eta Iñigo Perez-Arregui BPTDko presidenteari eman zion hitza.

Bertaratutakoei ongietorria ematearekin batera, elkartearen helburua garbi definitu zuen hasieratik Perez-Arreguik: “ekosistema industrial bizi, lehiakor eta zorrotza sustatzea”. Horretarako, ezinbesteko bezala aipatu zituen “elkarlana, berrikuntza eta ehun industriala bermatuko duen garapen profesionalaren eskaintza”. Ehun horren gakoez mintzatu zen Ignacio Martín aholkulari independentea (Repsoleko kontseilari, CEIT zentro teknologikoko presidente eta Artizarra fundazioko patroi): “Industria-sare osasuntsu batek diru-sarrera fiskalak dakartza, kalitatezko enpleguekin (ondo ordainduak eta egonkorrak), gazteen etorkizuna bermatuz". Hori kontuan hartuta, “jarduera ekonomikoa eta aliantzak sortzea” lehenetsi dute eta, horretan, enpresekin zein erakunde publikoekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa dela uste dute: “BPTD antzeko elkarteekin harremanetan dago, sinergiak identifikatzeko eta indar gehiago lortzeko”.

2023ko datuei erreparatuz, elkarteko enpresek programetan izandako partaidetza nabarmendu zuten: “bazkideen %90ak hartu du parte programaren batean edo bestean”; eta, arrakasta hori, “enpresek berek diseinatzen dituztelako” dela diote, “berauen beharrei erantzuteko”. Adibide bezala jarri dituzte Erronken programa, Enpresa Ekintzaileen programa eta Digitalizazio plana.

Mallabiko eta Ermuko enpresei gonbita

Basque Precision Technology District elkarteak “eragin handiagoko proiektuei ekiteko asmoa” duela adierazi du eta, horren aurrean bazkideen kopurua handitzeko beharra ikusita, gonbidapen irekia egin die Ermuko, Mallabiko zein eskualdeko gainontzeko enpresei BPTD elkartera batzera.

Interesa dutenek mezu bat idatz dezakete info@bptd.eus helbidera edo formulario hau bete.