Gaur goizean jarriko dira salgai Izaroren BECeko makrokontzerturako sarrerak

Ander Gomez 2024ko uzt. 17a, 07:01

2025eko maiatzaren 31n, 'Cerodenero' biraren amaierako kontzertua egingo du Izarok Barakaldoko BECean eta gaur, uztailaren 17an, sarreren salmenta zabalduko du bere webgunean, Bizkaia Arenako harmaila gorri eta pista amaigabeak betetzeko desafioari hasiera emanez.

Cerodenero diskaren bira arrakastatsua izaten ari da oso eta, guztiz asetuta amaitzeko asmoz-edo, bira amaierako kontzertua BECean egitea erabaki du mallabitarrak. Datorren urteko maiatzaren 31n izango da (zapatua) eta iluntzeko 21:00etan hasiko da.

Aurrekoan Donostiko Belodromoan egin bezala, show berezia prestatzen ari da hitzordurako, gonbidatu bereziekin. Oraingoz bi artista bakarrik eman ditu ezagutzera: Olatz Salvador eta Baiuca.


Argazkia: Izaro Andres.

Sarrerak

Goizeko 9:00etatik aurrera jarriko dira salgai BECeko kontzerturako sarrerak, 39 euroan, izaromusic.com webgunean. 16-18 urteko adingabeak, aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimenarekin bertaratu ahalko dira. 16 urtetik beherakoak, heldu batez lagunduta joan beharko dira. 6 urtetik beherako haurren sarrerak prezio murriztuan eskuratu ahalko dira, 10 euroan.

Zuzenean sarreren erosketa-orrialdea bisitatzeko egin klik hemen.