PainApple taldeak single berria kaleratu du: 'Dena zuentzat'

Ander Gomez 2024ko aza. 8a, 07:11

Iazko Vertigo Rock jaialdian, kontzertua amaitu berritan. Argazkia: @painappleband.

Gaur, gaueko 00:00ean, single berria estreinatu du PainApple taldeak. Kaleratzear duten disko berriaren aurrerapen-kanta da eta plataforma digital guztietan dago entzungai.  

Debabarrenean sortutako pop-punk taldea da PainApple, Ermuko, Eibarko eta Soraluzeko lagunez osatua: Katarine Berrueta (ahotsa), Asier Cascán eta Andoni Conde (gitarrak), Gorka Martinez de Lagos (baxua) eta Josu Cascán (bateria).

2023ko apirilean hiru kantuz osatutako DEMOa kaleratu zuten eta, hasierako maketan markaturiko pop-punk estiloari leial jarraituz, kanta berria kaleratu dute gaur: "Dena zuentzat".

Grabazioa Bizkaiko Gaua Estudioan egin dute eta euren kontura nahastu. Masterizazioa, berriz, Gipuzkoako Doctor Master estudioan egin dute Aitzol Hidalgo soinu teknikariarekin.

Estudioko lehen lana dakarte eta Madrilen aurkeztuko dute

Urriaren 25ean "Smiley" kantua argitaratu zuten eta, kontatu dutenez, berau eta estreinatu berri duten single-a “PainApple-en lehen diskoa izango denaren aurrerapena dira”. EPa azaroaren 22an egongo da osorik entzungai plataforma guztietan.

Diskoa argitaratu eta hurrengo egunean —azaroaren 23an, zapatua— Madrilgo Starving aretoan izango dira lan berria aurkezten. Emanaldian Belcro taldekoak izango dituzte lagun eta txartelek 6 euroko kostua izango dute (8 euro egunean bertan, lehiatilan). Sarrerak erosteko egin klik hemen.