BPTD eta Enpresare enpresa-elkarteak elkarlanean ari dira 2020tik, eta "akordio hau beste urrats bat gehiago da bi elkarteek partekatzen dituzten helburuak sendotzeko bidean". Hala adierazi zuten ostegunean bi elkarteetako presidenteek, Iñigo Perez-Arreguik (BPTD) eta Alain Vivasek (Enpresare) hitzarmena sinatzeko Debegesan egin zuten agerraldi bateratuan.
Hitzarmenak jasotzen dituen egitasmo zehatzei dagokienez, ondorengoak nabarmendu zituzten: "2025 eta 2026 Kudeaketa Planaren diseinuan eta aurkezpen-bileran parte hartzea, Berrikuntzarako Aliantza: Erronkak Aukera Bihurtzeko Lankidetza proiektua garatzea edo azoketan modu bateratuan parte hartzea".
Iñigo Perez-Arregui (BPTD): "BPTDk eta Enpresarek indarrak batu ditugu aukera berriak sortzeko"
Debabarreneko eta inguruko 43 enpresa biltzen dituen BPDTko (Basque Precision Technology District) presidenteak, Iñigo Perez-Arreguik nabarmendu duenez, "Enpresa-sareak indartzeak gure industria-enpresek proiektu komunetan parte hartzeko aukera ematen du, ez bakarrik haien jarraipena ziurtatuz, baita jarduera ekonomikorako aukera berriak sortuz eta lehiakortasunean irabaziz ere."
Perez-Arreguiren esanetan, "Gipuzkoako ETEek egokitu beharra daukate erronka berriei aurre egiteko: eraldaketa digitala, nazioartekotzea, belaunaldien arteko erreleboa, jasangarritasuna... eta, horregatik, BPTDk eta Enpresarek indarrak batu ditugu aukera berriak sortuko dituen akordio honekin".
Alain Vivas (Enpresare): "Batasunak indartsuago egiten gaitu"
Alain Vivas Enpresareko presidenteak elkarlanaren eta lankidetzaren garrantzian jarri du gakoa: "Gaur egun enpresa industrialek dituzten erronkak ez dira gutxi, baina uste dugu lankidetzatik errazago gaindituko ditugula. Batasunak indartsuago egiten gaituelako, eta horri esker hazteko aukera berriak sor daitezkeelako gure enpresetan. "