Lan aukerak eraman zuen Elgoibarrera eta maitasunak errotu zuen bertan. 1925an kalez-kale Santa eskean ibiltzeko korua sortu zuen eta familiatik zetorkion “Etxegiña” izena jarri zion. Koplari aritzen zen bertan, koplak abestu edo inprobisatzeko solista gisa eta 1980 urtera arte jarraituko zuen zeregin horretan.
Gaztetan bapateko eta inprobisaziorako bertsolaria izan zen Etxegiña, gerora idatzizkora jo bazuen ere. Kontatzen zuen bezala hamazazpi urte zituela abestu zuen lehen aldiz berak sortutako Salbea. Ordurako ibilia zen Ermuan eta Eibarren Santa Agedako koroak sortzen. Jendaurreko bere lehen agerraldia bertsolari modura Ermuko Sallabenteko jaietan egin zuen.
Gerora hainbat bertso txapelketetan hartu zuen parte: 1960an Bizkaiko Eskualdeetzako Bertsolari Txapelketan, Durangaldeko bigarren sailkatu zen, 1962an laugarren eta 1964an bosgarren. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, ostera, hirugarren izan zen 1960an.
Santa Ageda egun bezperan, “Etxegiña” koruaren bitartez kalez kaleko errondan eta diru-eskean 100 urteak beteta, elgoibartarrek bertso-tradizio honi eusten jakin dute. Taldearen ibilbidea jasotzen duen liburua prestatu dute, gaur bertan, ostirala, iluntziko 7etan Elgoibarko Kultur Etxeko Erakusketa gelan aurkeztuko dutena eta hantxe egongo da ere ikusgai gaur hasi eta otsailaren 9ra arteko erakusketa.