Mugagabeko greba hasiko dute Avanza autobus enpresako langileek

DKT 2025ko eka. 10a, 07:37

Ekainaren 14tik, mugagabeko greba hasiko dute Avanza autobus enpresako langileek. Greba egingo dute zapatuetan eta domeketan. ELA sindikatutik esplikatu dutenez, azkenengo protestaldiaz geroztik, enpresak ez du "keinu bat bera ere" egin langileekin harremanetan jartzeko. Enpresak berak ez ezik, Gipuzkoako Aldundiak ere gatazka honetan "zeresan handia" duela azpimarratu dute.

Ekainaren 14ko asteburuan hasita, greba mugagabeari ekingo diote Avanza autobus enpresako langileek. Avanzaren webgunean iragarri dutenez, asteburuero egingo dituzte lanuzteak, zapatuetan eta domeketan. Langileen Batzordeko ELA sindikatutik esplikatutakoaren arabera, azken protestaldiaz geroztik, enpresak ez du “pauso bakar bat ere eman” langileekin harremanetan jartzeko, deitu ere ez die egin.

Egoera horren aurrean, Langileen Batzordean greba mugagabea egitea planteatu zuten eta gehiengoak erabaki zuen greba egiten hasiko zirela berriro, oraingoan, greba mugagabea.

Ordu kopurua jaistea

ELA sindikatutik azaldutakoaren arabera, langileen eskari nagusia da urteko lanordu kopuru totala 1.592 ordukoa izatea, eta ez gaur egun duten 1.650 ordukoa. Gogora ekarri dutenez, hiru urte daramatzate lan hitzarmena berritu barik, horrek dakarren eros-ahalmenaren galerarekin, besteak beste, ez baitiete KPIa eguneratu. Halaber, gogora ekarri dute Lurraldebusen bestelako enpresa batzuetan badutela ordu kopuru hori lortuta.

Diotenez prest daude jaitsi beharreko ordu kopurua progresiboki jaits dezaten, eta, ez urte batetik bestera denak batera. Adibidez, urtero bost ordu gutxiago, 2027ra bitartean. Halaber, eskatzen dute Diputazioak Avanza enpresarekin sinatu behar duen lizitazio berrian zehaztea 1.592 orduko jarduna.

Zentzu horretan eta kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urtez luzatu behar diola lizitazioa Avanzari, ELA sindikatutik uste dute administrazio publikoak zeresan handia duela gatazka honetan eta salatu dute Diputazioa dela pausoa markatzen ari dena eta beste aldera begiratzen ari direla, “ez dute ezertxo ere egin”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.