Bihartik, astebururo greba egingo dute Avanza autobusetako langileek

DKT 2025ko eka. 13a, 12:53

Bihar, zapatua hasi, eta astebururo, greba egingo dute Avanza autobus enpresako langileek, zapatuetan eta domeketan. Ekainaren hasieran jakinarazi zuten protestaldi berria eta Avanzako Langileen Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, harrezkero, egoerak bere horretan dirau; hau da, inor ez da langileen ordezkariekin harremanetan jarri egoera bideratzeko, beraz, aurrera darraie mugagabeko grebarekin.

Ordu kopurua murriztea

ELA sindikatutik esplikatutakoaren arabera, protestaldien bitartez langileek egiten duten eskari nagusia da urteko lanordu kopuru totala 1.592 ordukoa izatea, eta ez gaur egun duten 1.650 ordukoa. Gogora ekarri dutenez, hiru urte daramatzate lan hitzarmena berritu barik, horrek dakarren eros-ahalmenaren galerarekin, besteak beste, ez baitiete KPIa eguneratu. Halaber, gogora ekarri dute Lurraldebusen bestelako enpresa batzuetan badutela ordu kopuru hori lortuta.

Diotenez, prest daude jaitsi beharreko ordu kopurua progresiboki jaits dezaten, eta, ez urte batetik bestera denak batera. Adibidez, urtero bost ordu gutxiago, 2027ra bitartean. Halaber, eskatzen dute Diputazioak Avanza enpresarekin sinatu behar duen lizitazio berrian zehaztea 1.592 orduko jarduna.

"Diputazioa pausoa markatzen"

Zentzu horretan eta kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urtez luzatu behar diola lizitazioa Avanzari, ELA sindikatutik uste dute administrazio publikoak zeresan handia duela gatazka honetan eta salatu dute Diputazioa dela pausoa markatzen ari dena eta beste aldera begiratzen ari direla, “ez dute ezertxo ere egin”.


Avanza enpresaren web orrian argitaratu dituzte asteburuetan izango diren gutxieneko zerbitzuak (kontsultatu hemen) eta edozein zalantza argitzeko erabiltzaileen esku jarri dute Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua: 900 12 14 00 telefono zenbakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.