Hirugarrenez, zapatuan eta domekan greba egingo dute Avanza autobus enpresako langileek -lehenagoko Lurraldebus-. Salatu dutenez, dagoeneko 22 greba-egun egin dituzten arren, egoerak bere horretan dirau.
Euren egoerari dagokienez, berriz, salatu dute gidariek urtean 1.650 lanordu izan arren, zenbait kasutan 1.870 ordu ere sartzen dituztela eta baita gehiago ere, “ilegalak” diren egutegietan jasotakoak. Gogora ekarri dute euren aldarrikapena dela urtean 1.592 orduko jarduna izatea -urtero bost ordu jaisten joanda-.
Bestalde, gaineratu dute eurak pozik daudela zerbitzu publikoak gero eta merkeagoak izatearekin, baina hori ezin dela egin autobusen egoera kaltetzearen eta 11 orduko lanjardunaren kontura.
Halaber, gaur goizean Donostian eman duten prentsaurrekoan salatu dute enpresa “etengabe” ari dela Lan Hitzarmena urratzen, eta ez duela batere pausorik eman hitzarmen berria negoziatzeko. Oro har, uste dute egoera hori izan arren, Diputazioak bidea libre-libre laga diola Avanzari, zerbitzua beste bost urterako adjudikatu baitio eta erakunde horrek gatazka honetan duen erantzukizuna gogorarazi dute.