Autobusen greba bertan behera laga dute, greba egiteko “gutxieneko bermeak” ez direlako betetzen

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 18a, 19:15

Avanza enpresako langileen ordezkariak prentsaurrekoan gaur goizean, Donostian. Argazkia: ELA.

Gaur goizean, Avanzako langileen ordezkariek prentsaurreko bitartez, jakinarazi dute bertan behera laga dutela asteburuetan egiten diharduten greba. Salatu dute “ez direla gutxieneko bermeak ematen greba egiteko” eta Gipuzkoako Aldundiari egotzi diote egoera hori babestea. Gaineratu dute alderdi politikoekin batzarrak egiten ari direla eta horien bitartez ere ez badute ezer lortzen, urrian “greba mugagaberako deialdia” egingo dutela.

Gaur Donostiako autobus geltokian eman duten prentsaurrekoan, hainbat salaketa egin ditu Avanza autobus enpresako langile batzordearen gehiengoak.

Enpresa aginduak bete barik

Batetik, salatu dute enpresa ez dela betetzen ari gutxieneko zerbitzuekin lotuta Miguel Torres kontseilariak agindutakoa, gutxieneko zerbitzuen banaketa eta gutxieneko zerbitzuak greba batzordearekin kontsultatu eta adosten saiatzea, alegia.

Bestetik, salatu dute ez direla betetzen ari Lan Ikuskaritzaren ebazpena. Ebazpenaren bitartez, Agintaritzak eskatzen zion “enpresari aparteko orduak gehiegikeriaz erabiltzeari uzteko”. Esplikatu dutenez, orain dela hiru urte ikuskaritzan salaketa bat jarri ondoren, akordioa lortu zen 33 pertsona mugagabeko langile bihurtzeko, egutegi berezituarekin. Bada, diotenez, gaur egun 25 pertsona dituzte egoera horretan eta beste 110 behin-behinean, “gehienak lege iruzurrean”. Diote langile horiek greba egiten badute “kaleratu egiten dituztela”.

"Inork ez digu jaramonik egiten"

Hirugarrenik, gogora ekarri dute Mugikortasun diputatuarekin bilera eskatu zutela gatazkan bitartekaritza lanak egin zitzan eta erantzun ziela Lan Agintaritza izango dela bitartekari. Aldiz, Agintaritzak esan die “Lakua” izan behar dela bitartekari, “eta bitartean inork ez digu jaramonik egiten. Bakarrik dakigu Gipuzkoako Aldundiak gaueko zerbitzu bereziak iragartzen dituela, greba egiteko eskubidea berriro urratuz”.

Gauzak horrela, uste dute ez dagoela “gutxieneko bermerik oinarrizko eskubide bat, grebarako eskubidea baliatzeko”, eta horrexegatik erabaki dute “eten” egingo dutela greba “gutxieneko horiek eman arte”. Halaber, jakinarazi dute espero dutela ahalik eta lasterren elkartzea Lan Agintaritzarekin “enpresa bere tokian jar dezan”.

Urrian, greba mugagabea

Esan dute bitartean Bildu, PP eta Podemoseko batzarkideekin bilerak egin dituztela eta “EAJrekin eta PSE-EErekin” ere bilduko direla. “Irailean batzarretan hitza hartu nahi dugu, gure egoerak salatzeko, beraiek zuzenean eragiten baitituzte herritarrei ematen zaien zerbitzuan. Ez dugu zertan enpresako langileak eta zerbitzuaren erabiltzaileak izan behar AVANZA bezalako multinazional batek aberasteko duen irrikaren paganoak”.

Bukatzeko, adierazi dute euren ahaleginek urrian emaitzarik ematen ez badute, “greba mugagaberako deialdia” egingo dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.