VII. Gazte Eguna

“Gazte Mugimenduek jorratutakoa zabaltzeko asmoz, egitarau feminista eta euskalduna prestatu dugu”

Libe Solozabal 2024ko mai. 23a, 11:30

Aurtengo Gazte Eguna egingo den zazpigarrena izango da eta maiatzaren 25ean (zapatuan) ospatuko da. Ermuko Gazte Mugimenduek antolatu dute eta haien parte dira Gazte Asanblada, Ernai eta Nushu kolektiboak.

Zer ibilbide du Gazte Egunak?

Lehenengo Gazte Eguna 2013an egin zen eta Santixauetako bigarren egunean izan zen. Jai giroan ospatzeko, Santa Anako parkean herri-bazkaria eta kontzertuak antolatu ziren. Garai hartan Gazte Asanblada arduratzen zen egun hori prestatzeaz eta jende piloa batzea lortzen zuen. Hala ere, lekua herri erdigunetik urrun zegoenez eta, gainera, txosnak jartzeko baimenik ez zegoenez, plazara ekartzea izan zen asmoa. Hurrengo urtean, bigarren gazte eguna Santixauetako egitarautik kanpo egin zen plazan. Hirugarren edizioa, 2015ean, Nushurekin batera antolatu zen. Lehen alditik urtero ospatu zen Gazte Eguna 2018 arte. 2019an, ostera, jai egun soil batetik haratago joan nahi izan zen eta horretarako, Borroka Eguna antolatu zuten Gazte Asanbladaz eta Nushuz gain, Ernaik eta Arkanbelek.

Pandemiarekin egitasmoak aurrera jarraitu zuen?

Pandemiaren urtean hainbat ekimen egin ziren arren, kalean egiten genituen ohiko jarduerak eten egin ziren. 2021erako, berriz, Eztanda Eguna egitea erabaki genuen eta "Gazteok ez dugu ordainduko" leloa hartu genuen ardatz. Dinamika hori pandemiak azaleratu zituen krisi anizkoitzen aurrean gazteok planto egiteko deia izan zen. Helarazi nahi genuen mezua zera zen: guk ez genituela kapitalismoak eragindako kalteak ordainduko. Arazo eta gabezia ugari azaleratu ziren unea izan zen-eta. Goizetik iluntzerainoko egitaraua osatu genuen eta maskara erabiliz eta osasun-neurriak betez programazio osoa bete zen: tailerrak, bazkaria eta kontzertuak egin ziren plazan.

Ostean dena normaltasunera bueltatu da?

Bai, eta gainera, Ermuko Gazte Mugimenduak aurrerapauso handiak lortu ditu, urte askotako belaunaldi ezberdinen borroka garrantzitsu batek argia ikusi baitu. 2022an lehenengoz Txosnagunea jarri genuen, aurretik hainbat saiakera egin ziren, eta duela bi urte lortu zen Udalaren baimena. Aurretik hainbat egitasmo izan arren, Santa Anan egin zena izan zen lehen Txosnagune ofiziala. 25ean gazteontzat egun propioa egin genuen: goizean triki-poteoa, bazkaria Txosnagunean eta gero beti bezala kontzertuak. Eta iaz ere gauza bera egin zen.

Eta aurtengo Gazte Egunerako zer asmo?

Aurten Gazte Eguna berreskuratzeko beharra sumatu dugu, urtean zeharreko lanketa kolektibo ezberdinak elkarbanatzeko. Gazte Mugimenduek jorratutakoa zabaltzeko asmoz egitarau feminista eta euskalduna prestatu dugu «Eztandak borrokan harrapa gaitzala» lemapean. Ermuko gazte borrokak omentzea eta herrian egiten diren lanketak erakustea da helburua. Aurretik horren parte zirenak gonbidatuta daude eta etorkizuneko gazte mugimendu berriei aktibo jarraitzeko mezua transmititu nahi diegu. Azken finean, ospakizun egun bat izango da.

Zein izango da egitaraua?

Goizean hiru talde antolatzaileek urtean zehar egindako lanketak aurkeztuko dituzte. Nushu talde feministak pornoari eta desioari buruzko tailer bat antolatu du. Gazte Asanbladak lan eskubideen gidaren inguruko hitzaldia emango du. Eta Ernaik herriko kirol espazio pribatuak salatzeko dinamika eramango du aurrera, 19 urtetik aurrerako gazteentzako kuota berezirik ez dagoelako eta ordaindu gabeko espazio falta baitago.

Eguerdian herri-bazkaria egongo da plazan. Belaunaldi zahar eta berriak elkartzeko asmoz, Gazte Mugimenduen parte izan direnei etortzeko gonbitea luzatu nahi diegu. Arratsaldean olinpiadak egingo dira eta azkenik, kontzertuak. Nafarroatik Haizkan taldea etorriko da eta, egun berezi honetarako, Aiama eta Makis taldeak elkartuko dira lehen aldiz kontzertu bat emateko. Eguna bukatzeko, Dj You Can Be izango dugu estreinakoz.

Erlazionatuak