Gure Balioak sarien hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa eta, oraindik data zehatzik ez badago ere, udazkenean egingo da.
Aurrenekoz, hiru kategoria sarituko dituzte: bizitza osoko ibilbidearena, proiektu sozialarena eta gizarte ekimenarena; eta, urte luzez Juan Luis Baroja Colleten diseinua erabili ostean, Bizitza Osoko Ibilbidearen Saria berrizteko apustua egin dute. Horretarako, lehiaketa bat jarri zuten martxan, Debabarreneko herritarrek euren ideiak aurkeztu zitzaten. Jasotako hautagaitzak aztertu ondoren, Atipikka Futures Design Studioren proposamena aukeratu zuen epaimahaiak.
Diseinu definitiboa garatzear
Lehiaketara aurkezteko, piezaren ideia edo zirriborroa aurkeztu beharra zegoen soilik. Orain, diseinu definitiboa sortzeko prozesua hasiko da. Behin garaikur fisikoa sortuta emango du ezagutzera Debegesak eta, aurrerago ere, sarietako hiru kategorietarako entitate, erakunde edo pertsona fisikoen hautagaitzak bidaltzeko deialdia zabalduko du.