Urriaren 25ean estreinatu zenuten Miñan Bilboko Arriaga Antzokian, eta ordutik 24 bider taularatu duzue, gehienetan "sarrerak agortuta" kartela ipinita...
Bai, harrera oso ona du! Dena den, Arriagako emanaldia ez zen lehena izan, Luhuson (Lapurdi) egin genuen aurrestreinaldia, urriaren 17an eta 18an.
Goi mailako antzerki taldea eta zuzendaria dago Miñanen atzean. Nola lortu zenuen proiektura batzea?
2022ko udan Artedrama taldeko zuzendaria den Ander Lipus ezagutu nuen, Lekeition burutu zen antzerki tailer batean. Galdera pilo bat egin zizkidan, ordurako, seguruenik, proiektu hau buruan zuelako. Urtebete geroago nirekin jarri zen harremanetan, antzerki honen berri emateko eta lana eskaintzeko.
Nola hartu zenuen proposamena?
Hasieran ezin nuen sinetsi! Harrituta geratu nintzen! Hortik aurrera, lantaldea ezagutu eta urte eta erdi eman dugu entseatzen: bi hilabetetik behin astebeteko egonaldia egin izan dugu elkarrekin, gero zazpi eta hamar egunekoak, eta azkena hamazortzi egunekoa.
Miñanek ("anaitxoa" Ginea Conakryko pula hizkuntzan) Ibrahima Balde ginearraren historia erreala taularatzen du, anaia txikiaren bila egiten duen bidaiaren gorabeherak jasoz. Kontakizun gogorra da, eta migrazioa beste begi batzuekin ikusteko aukera ematen du...
Artea erremintatzat daukat, eta uste dut Miñanek lagundu dezakeela, neurri batean behintzat, kontatzen ez den egia bat erakusten. Diskurtso arrazistak eta faxistak hedatzen ari diren honetan, momentu aproposa da horrelako historia eszenara ekartzeko. Antzezlanak gizakion emozioei dei egiten die, tresna bat izan daitekeelako migrazioa humanizatzeko edo txarto deitutako krisi humanitarioaren inguruan zabaltzen ari diren gezurrak ezeztatzeko, eta hausnarketa sustatzeko. Horrek asko motibatzen nau.
Miñan liburua irakurrita zeneukan?
Ez, baina amak bai, eta irakurri zuenean esan zidan guk oso ondo ezagutzen genuela liburuak jasotzen duena: nire aitaren historia eta Ibrahimarena oso-oso antzekoak dira, eta oso gertutik harrapatzen nauen gaia da. Txikia nintzenean Juanita Ibaibarriaga Literatur Lehiaketa irabazi nuen, Paradisura bidaia izenburuko ipuinarekin: nire aitaren bidaiaren zati kontatzen nuen bertan.
Ondo moldatzen zara gai dramatikoekin?
Sambou Diaby aktoreak egiten du Ibrahimaren papera, eta gainontzeko hiru aktoreok (Ander Lipusek, Eihara Fernández de Larreak eta nik neuk) 15 eta 20 pertsonaia artean egiten ditugu bakoitzak. Antzerkiaren mamia tragedia dela esango nuke, edo are gehiago, odisea, baina ikuskizunean kode ezberdinak erabiltzen ditugu, egoera ezberdinetara egokitutakoak, eta haietako batzuk arinak dira. Benetako erronka izan da horrenbeste pertsonaia antzeztea: batzuk esaldi bat esaten dute, eta esaldi bakarrean pertsonaia gorpuztu eta indarra eman behar diozu.
Zer ikusten duzu argiak pizten direnean?
Publikoa oso hunkituta dagoela. Antzerkiak bi plano ditu: bat narratiboagoa (Ibrahimak berak historia kontatzen du lehen pertsonan) eta bestea ekintzaren planoa (beste hiru aktoreok egiten duguna). Publikoarekin harremana sortzen da hasieratik, eta hori oso polita da, ikusleek ulertzen dutelako benetako historia ikusten ari direla.
Ibrahima Balde ezagutzeko aukera izan duzu?
Bai, gaur egun Madrilen bizi da, baina Arriagako estreinaldira etorri zen. Azken 15 minutuak ikusi zituen, Amets Arzallusek babestu nahi izan zuelako, haren zauriak berriro ez zabaltzeko, eta bukatutakoan afaltzera joan ginen guztiok elkarrekin. Oso gustura egon nintzen.
Amets Arzallus bera ere inguruan izan duzue hasieratik, ezta?
Bai, entseatzeko egin ditugun egonaldi guztietan etorri izan da, eta bukatutakoan Lipusekin biltzen da, ekarpenak egiteko. Uste dut antzerkiko hiru zuzendariek (Philippe Ducouk, Manex Fuchsek eta Ander Lipusek) oso ondo jakin izan dutela Ametsen liburua antzerki-hizkuntzara egokitzea.
Gaur, azaroak 29, ostirala, Ermura aurkeztuko duzu Miñan. Nola sentitzen zara?
Sekulako gogoa daukat! Ez da Ermuan aurkeztuko dudan lehen lana, baina oso berezia izango da, antzerki honek jende asko mugituko duelako. Badakit egunean bertan oso urduri egongo naizela, baina oso polita izango da publikoan aurpegi ezagunak ikustea. Sarrera asko saldu dira jada, eta zoragarria izango litzateke euskarazko antzerki batekin Ermua Antzokia betetzea, gainontzeko antzokietan egiten ari garen bezala.