San Martin 2024

Aitor Ogiza, San Martin azokako epaimahaikidea: "Egun zoragarria pasatu nuen!"

Dorleta Vidal 2024ko aza. 14a, 12:47

Aitor Ogiza, eskumatik hasita bigarrena.

Euskal Birusari eta euskarari lotuta aspaldidanik, Aitor Ogiza izan da herriko ordezkaria San Martin azokako epaimahaian.

Nola jaso zenuen epaimahaikide izateko proposamena?

Sorpresa izan zen, ez nuen inondik inora espero. Hasieran ezetz esan nuen, baina janari kontuak gustatzen zaizkit eta azkenean animatu nintzen. 

Zer produktu dastatu zenituen azoka egunean?

Ogia, gazta, eztia, txakolina eta sagardoa. Aurretik epaimahaikideek buelta bat egin genuen postuak ikusteko eta haiek baloratzeko, eta gerora dastatu behar genituen gaiak jaso genituen. 

Elikagai horietan adituak direnen azalpenak entzun zenituen gero. Zerbait ikasteko aukera izan zenuen?

Bai, oso interesgarria iruditu zitzaidan, batez ere gazta eta eztia nola ebaluatu eta zeri begiratu behar zaion komentatu zutenean. 

Nola baloratzen duzu esperientzia hau?

Oso esperientzia polita izan da, zoragarria! Hasieran beldur apur bat eman dezakeen arren, ezjakintasunagatik, adituek gidatzen dute saioa, eta zure lana entzutea eta iritzia ematea da, besterik ez. Ikasteko aukera polita da!