Olentzeroren kalejirako koplak idazteko deia kuadrillei

Ander Gomez 2024ko abe. 27a, 00:00

2022ko kalejirako Olentzero sutan. Argazkia: Txindurri TDT.

50. urteurrenerako logotipo lehiaketa amaitu berritan (ikusi diseinu irabazlea hemen), lehiaketa berria zabaldu du Txindurri Txistu eta Dantza taldeak: kopla txapelketa. 2024ari errepasoa eginaz kopla umoretsuena eta ironikoena sortzen duen kuadrillak saria jasoko du.

Urtero bezala, Gabon zahar egunean, Txindurri Txistu eta Dantza taldeko kideek Olentzero aterako dute kalejiran (ostean plazan erretzeko). Ohiko gabon-kantak abesteaz gain, azkenaldian egin bezala "herrian urtean zehar gertatutakoak" kantatzeko asmoa dute, eta herriko kuadrilla eta talde guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbita, "urtea umorez, kantuan eta dantzan agurtu eta berriari ongi etorria emateko".

Kopla sortzeko

"Festarik festa" doinua erabiliko dute, Txindurrikoak estribilloaz arduratuko dira eta kuadrilla bakoitzak bertso bana sortu beharko du, doinua eta egitura kontuan hartuta:

(12) Gure bizitza juerga eta parranda
(13) Gero egunez egiten dugu etzanda
(12) Horren errudun etsaien bat izan da
(12) Gu non gabiltzan seguru bera han da

Gaia librea da, eskatzen duten bakarra da "2024ko konturen baten ingurukoa izatea, eta umore eta ironia ikuspuntutik idatzia egotea".

Igandera arteko epea

Gaur eta etzi bitartean (abenduaren 29an epemuga) helarazi beharko zaizkio koplak Txindurriri, abenduaren 31ra bitartean guztia ondo antolatzeko tartea izan dezaten. Txindurritik eskatu dute interesa duten talde/kuadrillek "ahalik eta lasterren jakinaraztea parte hartzeko asmoa dutela", tdt.dantzarigazteak@gmail.com helbidera idatzita edo zuzenean mezu pribatua bidalita @txindurri_tdt instagram kontura.

Erlazionatuak