Euskal Herriko ziklo-kros egutegia amaituta, estatu mailako ziklo-kros txapelketetan murgilduko da Euskadiko Selekzioa. Lehen hitzordua A Coruñako As Pontes de Garcia Gutierrez herrian jokatuko da, urtarrilaren 10etik 12ra bitartean. Bertan dago estatuko laku artifizialik handiena eta horren inguruan kokatzen da zirkuitua, ibilbidearen zati bat urertzetik pasatzen delarik (bideoan 6. minututik aurrera ikusgai):
Gaur arratsaldean (16:00etan) jokatuko da lehen proba: taldekako erreleboena. Euskadiko Selekzioaren taldea "txirrindulariek neguan zehar erakutsitako errendimenduaren eta Aiaran ospatutako Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketaren emaitzen arabera" diseinatu dela azaldu dute, eta honako hauek osatzen dute zerrenda: Nahia Arana Quintanilla, Markel Aranaz Seco, Andoni Etxebarri Costa, Hodei Muñoz Gabiña Aitor Murguzur Diaz de Monasterioguren eta Aitor Hernandez bera.
Ermuarrak Euskadiko txapeldun izanik amaitu zuen 2024a eta, adierazi zuenez, "sasoi betean" dago eta Aiarako azken garaipen horrek "motibazio estra bat" eman zion "onena ematen jarraitzeko". Lasterketa bakoitza "atzean dagoen lan guztia erakusteko aukera bat" bezala ikusten du eta halaxe egingo dio aurre Euskadiko Selekzioarekin duen gaurko erronkari.