Emakumeei zuzendutako ikastaro, irteera, erakusketa eta hitzaldi pila urtarriletik maiatzera bitartean

Ander Gomez 2025ko urt. 22a, 07:08

2025eko lehenengo seihilekorako Emakumeen Ahalduntze Ikastaroen programa aurkeztu du Emakumeen Topalekuak, askotariko kultur eta formakuntza ekintzekin. Ordaindu beharrekoen kostua 5 eurora mugatu dute; bestela, doan diren gainontzekoetan parte hartzeko aukera izango dute emakume* ermuarrek.

Gaur zortzitik hasita, alor desberdinetako gaiak ikasi eta lantzeko ikastaroak eskainiko dira Emakumeen Topalekuan: esperimentu zientifikoak, argazkilaritza mugikorrarekin, fanzine feministak, arropa sortu eta birziklatzeko teknikak… Horiez gain, osasunarekin lotutako tailer ‘fisikoagoak’ ere egongo dira: zoru pelbikoa indartzeko, neskatoentzako autodefentsa klaseak, mugimendu-espresibo saioa, boxeoa… Gai desberdinetan adituak diren emakumeak gerturatuko dira Ermura eta, besteak beste, adimen artifizialaren, Emilia Pardo Bazan idazlearen eta genero-ikuspegitik aztertutako mitologiaren inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte. Azken hau, gainera, aurtengo irteeraren osagarri izango da: Nafarroarako irteera egingo da, Lizarrara eta Arellanora zehazki, hitzaldian esplikatutako istorioen tokiak ezagutzera. “Hausnarketa-krispetak” saioak ez dira faltako, eta film feministak zein LGTBIQ+ kolektiboan zentratuago daudenak proiektatuko dira. Martxoaren 8rako kartel lehiaketa egitarauaren baitan kokatzen da (albistea hemen), baita berau amaitzean kartel guztiekin egingo den erakusketa.

Plaza mugatuak

Horietako asko doakoak izan arren, jarduera guztiek plaza mugatuak dituzte eta izena eman beharko da. Datorren astelehenean (urtarrilaren 27an) zabalduko da epea eta Emakumeen Topalekuan bertan egin ahalko dira inskripzioak, astegunetan, goizeko 9:00etatik 13:00etara edo arratsaldeko 16:30etik 19:30era gerturatuta.

Erlazionatuak