Otsailaren 28an irtengo da Hartza kobazulotik

Dorleta Vidal 2025ko ots. 12a, 13:11

1990. urtetik aurrera egin den bezala, Hartza Eguna ospatuko da Ermuan Eguen Zuri biharamunean. Euskal Birusak eta herriko hainbat eskolen elkarlanari esker burutzen den kalejira hau Santixapeko iturrian izango du abiapuntua, 18:30ean. Antolatzaileek koko jantzia ipintzera animatzen dituzte parte-hartzaile guztiak.

Goian, iazko kalejiraren laburpena bideoan. Irudiak: Ander Gomez.

Aurtengo edizioan, soinuaren kalitateari erreparatu nahi izan diote antolatzaileek. Hori dela-eta Iraia Sarasua abeslari ermuarrak abestuko ditu Hartzaren Koplak mikrofonoa eskuetan, eta nahi duten herritar guztiek berarekin batera kantatu ahal izango dute. Gainera, Quico Pugès musikari katalanak iaz sortutako fandangoaz eta biribilketaz gozatzeko aukera egongo da (koplen birmoldaketaren grabaketa hemen ikusgai).

Kalejira bukatutakoan, txorizo eta gazta mokotsak banatuko dira. 

Koplak aldez aurretik errepasatu nahi dituztenek hemen daukate aukera:

1
Patxi Urkoko etorri jakun
lehengo egunian esaten,
animali bat han ebilela
bazter guztiak apurtutzen;
eskopetekin hara juateko
pizti hori harrapatzen,
inguru hartako baserritarrak
ez ebela lorik egiten.
Hara juan giñen aldra ederra,
zer ote zan hori ikusten!

2
Baso baltz eta Urko errekako
sastrak genduzan jorratu,
baiña guk ezin izan genduan
animalirik bilatu;
soiñeko arropak apurtu arte
aurrera genduan jarraitu.
Non uste dozu, adiskidia,
egin genduala aurkitu?
Mañeko lezan sartuta euan,
hantxe egin genduan hartu!

3
Animali hau ez dakigula
dan hartza ala basurdea,
basamortuan honek pasau dau
egarria eta gosia;
begiratuta beronek dauka
errukarrizko plantia,
beroni jaten emotiarren
eskatzen dogu limosnia.
Erruki zaitez jende txit ona,
kendu daiogun gosia!

4
Animali hau atxiki bat da
guk diru pixkat batzeko,
horren kontura gaur arratsian
jan da edan ondo egiteko;
borondaterik baldin badozu
jendiak guri emoteko,
zure nagiak atara eizuz
dozuzan sosak askatzeko.
Poltsa hau betez bagoaz eta
heldu da ordua afaltzeko!