Txakur-kakarik gabeko kaleak aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Haur Kontseiluko kideek

Ander Gomez 2025ko mai. 7a, 15:33

Gaur goizean, 2024-2025 ikasturteko Haur Kontseiluko umeek Ermuko kaleak hartu dituzte, "zure txakurra gustatzen zaigu, bere kaka EZ!" lelopean. Bideoak eta argazkiak: Dorleta Vidal.

Haur Kontseilua San Lorenzo, Eskolabarri, Ongarai, Anaitasuna eta San Pelayo ikastetxeetako 7 eta 8 urteko umeek osatzen dute. Urtero berritzen da eta ikasleek beren borondatez aurkezten dute euren burua Ermuaren hobekuntzan laguntzeko. Urritik maiatzera dihardute lanean Udalak proposatutako erronka bat lortu nahian. Aurten, herritarrak txakur-kaken arazoaren inguruan herritarrak kontzientziatzea zuten helburu.

Urtean zehar lanean ibili ostean, gaur atera dira kalera Kontseilua osatzen duten 13 umeak: Enara Borrajo, Andrea Rodríguez, Marianny Espinoza, Mohamed Diouf, Lucas de la Rosa, Ian Zixiang, Lier Lauzirika, Lucas García, Claudia Grande, Noa López, Paul García, Jelisssa Geraldino eta Aiur Pardo. Pankartak, txilibituak eta mezuz betatako petoak soinean, plazatik hasi eta kale guztiak zeharkatu dituzte "txakur-kakarik gabeko Ermua bat" aldarrikatzen. Horrez gain, txakurrarekin paseatzen zebiltzan herritarrei kakak jasotzeko poltsatxoak eman dizkiete.

Egindako lana eskertzeko, Beatriz Gámiz alkatearen eskutik diploma, opariak eta azken orduko sorpresa bat jaso dute: Izen-emateak itxita zituen kirodegiko kanpaldirako (irakur albistea hemen) plaza bana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.