EGITARAUA

Urko mendiak dituen metro adina igoera lortu nahi dituzte aurtengo Javi Alberdi memorialean

Ander Gomez 2025ko mai. 28a, 07:19

Mugikortasun urriko pertsonen igoerako taldea Urkora iritsi berritan. Argazkia: Emilio José Carral.

Memorial Solidarioaren lehen edizioan 467 lagunek hartu zuten parte eta 608 igoera erregistratu ziren. Aurten, antolatzaileek erronka berri bat proposatu dute: Urko mendiko gailurraren altuera –791 metro– kontuan hartuta, beste horrenbeste igoera lortzea.

Albiste barruan, zapatuko egitarau osoa, argazkiekin. Irudiak: Emilio José Carral.

Domeka honetan sei urte beteko dira Javi Alberdi ermuarra mendiko istripu batean hil zela. Bezperan, maiatzaren 31n, bere omenezko memorial solidarioaren bigarren edizioa burutuko da, Artarrai Mendi Taldeak eta Hiru Txikiak Trail Taldeak antolatuta.

Funtzionamendua lehenengo edizioaren berbera izango da: tiket solidarioak plazan egongo dira salgai; atzekaldean izen-abizenak eta telefono zenbakia apuntatu beharko dira; eta, Urkora igotzean, tontorrean ipinitako postontzian sartu. Partaideek nahi beste igoera egin ahalko dituzte 07:00etatik 19:00etara bitartean, edo memorialaren lemak dioen bezala: 12h non-stop.

06:30 Tiket mahaien irekiera

Tiket solidarioak 2 euroan egongo dira salgai plazan.


06:45 Aurkezpen ofiziala

Lehen igoeraren aurretik, bigarren edizioaren aurkezpena egingo dute, eguneko programazioa gogoratuz eta azken orduko aldaketarik balego, horiek jakinaraziz.


07:00 Lehen igoera

Hiru Txikiak Trail taldeko kideek egingo dute lehen igoera, baina edozein partaide batu ahalko da.


09:00 Igoera Txikia

Ume eta gaztetxoen igoera, naturaz eta mugikortasun urriko pertsonen egoeraz kontzientziatzeko.


10:00 Mugikortasun urriko pertsonen igoera

Bi gazte ermuarrek eta beste bi arrasatearrek hartu dute Urkora igotzeko erronka. Aulki berezietan eta laguntzaileekin egingo dute igoera.


10:30 Javi Alberdiri omenaldia

Igoeran geldiunetxoa egingo dute Javi Alberdiren omenez landatutako zuhaitzean, lore-sorta eskaintza egin eta testu bat irakurtzera.


12:00 Tontorrera iritsiera (MUP)

Eguerdi aldera ailegatuko dira mugikortasun urriko pertsonak Urkora.


14:00 Harrera plazan (MUP)

"Ermua Kulturarteko Herria" festaren baitan (egitaraua hemen) batukada doinuekin hartuko dituzte plazan.


15:00 Bazkaria

Memorial Solidarioan lagunduko duten boluntarioek bazkaria egingo dute.


17:45 Azken irteerak

Tiket solidarioak erosteko azken aukera emango dute.

18:30 Tontorreko postontziaren hustuketa

Urko puntako postontzia zabaldu eta tiket guztiak jasoko dituzte.


19:00 Tiketen eta dohaintzen zenbaketa

Iaz batutakoa SLC6A1 Spain elkarteari emango zitzaion, Hugo M.D. ermuarrak duen SLC6A1 geneari lotutako entzefalopia epileptikoa ikertzen laguntzeko. Aurtengo dirua Durangaldeko Rio de Oro elkartera bideratuko da, saharar herriari laguntzeko.


19:30 Sari banaketa eta amaiera ekitaldia

Igoera gehien lortzen dituztenek sariak jasoko dituzte.

Iaz, Aitor Galan oriotarrak 9 igoeratan utzi zuen gizonezkoen marka; Sandra Gulin ermuarrak 5 igoeratan emakumezkoena. Antolakuntzatik, 791 igoeren erronkarekin batera, bi marka hauek hobetzeko erronka luzatu diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.