Javi Alberdi memorialak bigarren edizioa ospatuko du maiatza bukaeran

Ander Gomez 2025ko mai. 13a, 09:55

Hilaren azken larunbatean, 07:00etan hasi eta hamabi orduz, Urko mendian gora eta behera ibiliko dira herritarrak. Ekintza honekin, Javi Alberdi mendizale ermuarra oroitzeaz gain, dirua batzea eta dohaintzan ematea dute helburu Artarrai Mendi Taldeko eta Hiru Txikiak Traileko lagunek. Argazkiak: Emilio José Carral.

"Pasioa, elkartasuna eta auzolana", horrela definitu dute antolatzaileek maiatzaren 31n ospatuko den Javi Alberdi Memorial Solidarioa - Urko 12h Non Stop. Bigarren edizioa izango da eta, aurten, batutakoa saharar herriak oinarrizko baliabideak (elikagaiak, botikak, eskola-materiala...) izateko, eta bere autonomia eta ongizatea bermatzeko proiektuetan parte hartzen duen Rio de Oro Durangaldea elkarteari eskainiko zaio. Iaz lortutakoa Hugo M.D. gazte ermuarrak daukan SLC6A1 geneari lotutako entzefalopatia epileptikoaren ikerketara bideratu zuten. 10.000 mila eurotik gora lortu ziren (albistea hemen).

Elkartasuna, ordea, ez da diru dohaintzara bakarrik mugatzen: Aurten ere, Montes Solidarios, Ezina Ekinez Egina, eta Zure irifarra Nire Indarra taldeekin batera, mugikortasun urriko pertsonen parte hartzea errazteko ahaleginak egingo dituzte. Modu honetan, mendia eta natura "guztiontzako espazioak" direla aldarrikatu nahi dutela azaldu dute. 2024an, hiru lagunek —Oier, Amets eta Iñigo Iruretagoyena (irakurri bere elkarrizketa hemen)—, jarleku bereziekin eta boluntario taldetxo batekin, Urko mendiko tontorrera ailegatzeko aukera izan zuten.

Eta horietxek dira memorial solidarioaren helburuak: Alde batetik Javi Alberdi omentzea, "haren abentura-espiritua eta naturarekiko maitasuna gogoratuz" eta "mendiarekiko zeukan grina mundu guztiarekin partekatzen jarraituz"; eta, bestetik, elkartasun ekintza desberdinen bitartez "pertsona askoren bizitzan benetan eragina izango duen kausa batean laguntza ematea".


Data gerturatu ahala II. Javi Alberdi Memorial Solidarioaren inguruko informazio gehiago argitaratuko dugu Drogetenitturri.eus atarian. Bitartean, interesa dutenek egitaraua kontsultatu dezakete hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.