ERREPORTAJEA

Txindurri Dantza eta Txistu Taldea: 50 urteko ibilbidea

Iratxe Odriozola 2025ko eka. 7a, 09:11

Miren Bego Idigoras eta Jon Ander Mugerza, irabazle dantza soltean Mallabian.

Ermuan Euskal dantzak egin direnaren artikulu, argazki eta bestelako testigantza anitz dago. “Ermuatar gaste dantzakrieri” dioen brodatua daukan 1908 urteko banderatik hasita, 1932 urteko Madrilgo aldizkari bateko argitalpen batera. Baita berrogeigarren eta berrogeita hamargarren hamarkadetako argazkiz osatutako bilduma ere. Horien guztien ingurukoak jaso ditu taldeko koordinatzailea den Iratxe Odriozolak hurrengo lerrootan.

Hirurogeigarren hamarkadan, Kimetz taldea aritu zen dantzan herrian, Blanquita Olañetarekin. Irakasleak Blanquita bera, Javier Arrieta, Roberto Aizpiri eta Joseba Idigoras izan ziren. Dantza agerketak ohikoak ziren herrian, solteko lehiaketetan parte hartzea bezalaxe.

Hirurogeita hamargarren hamarkadan, Anaitasuna Ikastola eta euskara eta euskal kultura sustatzen zuten erakundeen sorkuntza edo formalizazioa heldu zen. Testuinguru honetan, Ikastolan bertako dantza taldea egonda, herriko hainbat dantzarik eta ikastolako gurasoek, ofizialtasuna emateko asmotan, Txindurri Dantza eta Txistu taldea fundatu zuten.

Hau 1975 urteko urrian gertatu zen eta, bertan aritutakoek kontatzen dutenez, Miren Bego Idigoras eta Txomin Ruiz izan ziren taldearen sustatzaile nagusiak: bata, lehen aipatutako Joseba Idigorasen alaba; bestea, Debatik etorritako dantzari eta dantza irakaslea. Herriko kuadrilletara jo zuten dantzari bila eta, horrela, 30 neska, 20 mutil eta 4 txistulariz osotutako taldea batu zuten.

Euren hitzetan, “era naturalean” joan ziren gauzak egiten, beharren arabera. Taldearen izenarekin ez omen zuten zalantza handirik izan. Gillermo Bengoetxea “Txindurri” Ermuko pilotari eta bertsolariaren omenez, Txindurri izena aukeratu zuten. Logoa edo intsignia Marcelino Onandiak egin zuen, Karlos Onandiaren aitak, inprenta bat zuelako.

Momentu hartan, aipatutako bi dantzariez gain, Ikastolako hainbat irakasle eta guraso aritu ziren taldearen arduradun batzordean: Kontxi Zuazua, Arantza Castillo eta Modesto Saez de Zaitegi, besteak beste.

Taldea osatu eta 1976ko Euskal Jaiaren antolaketan hasi behar izan ziren lanean. Ermuko I. Euskal Jaian gertuko 15 talde inguru hurbildu ziren dantzara eta, horren ostean, bai herriko bai inguruetako dantza ekitaldietan aritu ziren dantzan.

Estatutuen sorrera eta formalizazioa ez zen 1982 urtera arte heldu. Bertan sinatu zituzten taldearen estatutuak. Presidentea Meliton Gonzalez, presidenteordea Jose Javier Maiztegi, idazkaria Santiago Miranda eta diruzaina Jesus Astola izan ziren. 13 guraso, irakasle eta dantzariz osatua zegoen batzordea, eta urtero egin behar zuten batzorde aldaketa.


Txindurriko txistulariak diana jotzen 80. hamarkadan.

Diru-sarrera iturriak

Garai hartan sortutako ekimen guztietan bezala, finantzaketa zen buruhauste handiena. Instituzioengandik dirulaguntzarik jaso gabe, haurren matrikulazioak eta jaietan jarritako tabernetan batutakoa zen finantzaketa bakarra. 1986an eta 1989an argitaratutako artikuluetan oraindik salatzen zen egoera hau. Bertan adierazten denez hasierako kuota 750 pezetakoa zen. Beranduago 1.000 pezetara igo zen haurren matrikularen prezioa. 1994 urtean Gaizka Areitioaurtenak idatzitako artikulu batean adierazten da lehen aldiz "taldeak dirulaguntza nahikoa duela".

Bigarren buruhaustea entseguetarako tokia lortzea omen zen. Horrela hasi zen Txindurriren “pelegrinajea” Ermuan zehar: elizaren sakristiaren azpiko lokaletan hasita, Gutierrez arropa-denda zegoen lokalera; bertatik, Teresa Murga Eskolara; handik, Santiago Apostol eskolara... Eta, azkenik, Anaitasuna Ikastolara. Bertan izan dira Txindurriko taldeen entseguak urte luzez, Lobiano Jauregia kulturgune bilakatu arte.

Entsegu hauek hasierako urteetan banatuta egiten ziren: neskak alde batetik, Miren Bego irakasle zutela; mutilak beste alde batetik, Txomin irakasle. Geroago, ekitaldiak nesken atala, mutilen atala eta bateratutako atal batekin egituratzen hasi ziren. Guztia bateratuta (entseatu eta dantzatzea) ez da 2010 hamarkadara arte gertatu.

Egindako dantzen errepertorioa eta, honi lotuta, jantziak eta dantzarako material kopurua era progresiboan joan ziren hazten. Laurogeigarren hamarkadan taldekideak inguruko dantza taldeei laguntza eskatzen aritu omen ziren dantzak ikasi eta horrekin batera arropa eta materialen ezaugarriak batzen, Txindurriko arropa eta material propioa izateko. Txindurriko arroparen sorkuntzaren arduradun handienetakoa Mari Karmen Urkidi izan da. Gaizka Areitioaurtena eta Marines Txurrukarekin batera gainontzeko taldeetan ikerketa lanak egin ostean, gaur egun oraindik Txindurriko lokalean dagoen arropen zati handi bat, bere eskuetatik irten baita.

Txistulariak

Ez dago dantzarik folklorean musika gabe, eta Txindurri, dantza eta txistu taldea da. Txindurri sortu aurretik baziren txistulariak herrian. Taldea sortzerakoan, solfeoa eta txistua irakasten hasi ziren haurrei, eta urte batzuetan zehar asteburuero, larunbat goizetan, txistulari gaztetxoen taldeak diana jo ohi zuen herriko kaleetan zehar. Alboka Musika Eskola sortu zen arte. Ordutik txistua jotzen irakasten jarraitu izan da taldean, baina solfeorik ez.

Entsegu tokiekin beste erromesalditxo bat bizi izan zuten txistulariek. Sakristiako lokalak, Teresa Murga, Ikastola, Gure Etxea eta baita Ermuko antzinako kalabozoak ere. Edozein toki zen ona! Denborarekin txistulari taldea murrizten joan zen astiro-astiro, eta gaur egun, taldean ez dago txistuko ikaslerik.

Taldeak Ermuko ekitaldi garrantzitsuenetan jotzeaz gain eta inguruko Euskal Jai eta Dantzari Egunetara joateaz gain egin izan ditu bidaiak Euskal Herritik kanpora: 90. hamarkadan Allarizen, Andujarren, Bailenen, Mejian eta Vilanova i la Gertrun aritu ziren. 2010. hamarkadatik gaur egunera arte, Tui, Irlanda, Praga, Viena , Budapest, Cabanes, Gurrea de Gállego eta Adejen ibili dira dantzan. Aurten, gainera, Burgosen eta Fustiñanan dantzatuko dira Txindurriko dantzariak.

Gaur egun 100 haur daude taldean gutxi gorabehera, eta nagusien taldeak 25-30 kide inguru ditu. Urtean zehar inguruko Euskal Jaietara joateaz gain, herrian bertan hainbat ekitalditan parte hartzen dute: San Martin Azokan, Santa Zeziliako emanaldian, haurren Gabonetako ekitaldian, Olentzeroren erreketan, Hartza Egunean, Euskal Jaian, Txindurri Egunean, San Juan suan, Santixauetako dantza emanaldian eta, ikasturtea amaitzeko, Zezen Eguneko soka dantzan.

50. urteurrena ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute Txindurriko arduradunek. Ikusi HEMEN

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.