Udako sasoiaren hasiera ekainaren 14an markatu du Ermua Kirolak-ek, Betiondoko igerilekua irekiz. Langileak prestaketa lanetan aritu dira egunotan: ontzia garbitzen, urez betetzen eta tratamendu kimikoak aplikatzen, besteak beste.
Aurretik ere, urtean zehar, hobekuntzak egin dituzte instalazioetan, hala nola: zuhaitzen landaketa berdegunean —etorkizunera begira gerizpea eman dezaten, oraindik gazteak dira-eta— eta sarrerako tornuetako QR irakurgailuen instalazioa, sarbidea errazteko (albistea eta sarbide berria erabiltzeko argibideak hemen).
Igerilekua ekainaren 14tik irailaren 14ra bitartean egongo da erabilgarri eta ordutegia goizetik iluntzera artekoa izango da, eten barik. Ekainean eta uztailean 10:30etik 20:30era egongo da irekita; abuztuan eta irailean, berriz, ordu erdi lehenago itxiko dute, 20:00etan.
Udal Kiroldegiko bazkide direnek sarrera librea izango dute. Hala ere, edozein herritarrek erabili ahalko ditu instalazioak, egun baterako sarrera erosita edo abonuak eskuratuta. Adin txikikoek nahi beste bisitatu ahalko dute igerilekua 35,80 euro ordainduta, helduen abonuak 60,40 euroko kostua izango du eta 24 urtez azpiko seme-alabak dituzten familien abonua 96,10 eurokoa izango da.