Ekainaren 9tik 15era bitartean burutu da Lobiano Elkarte Gastronomikoak bere 25. urteurrenean antolatutako pintxo lehiaketa. Epaimahaia osatu dute Josema Azpeitiak (Ondojan.com), Goizane Bilbaok (El Atrio taberna, Getxo), Iñaki Azkuek (El Vaskito jatetxea, Donostia) eta Jesus Portugalek (Lobiano Elkarte Gastronomikoko ordezkaria eta epaimahaiburua). Asteazkenean probatu zituzten pintxo guztiak, lehiaketara aurkeztu diren Ermuko taberna eta jatetxeetatik banan-banan pasata: Antela, Batzokia, Burduntzi, Giroa, Jai, Jubiletxe, Kiska, Otro Plan B, Rincon, Sagarra, Txalaparta, Urkaregi, Zutabe eta Zutik.
Epaimahaikideak pintxoak probatzeko erronda egiten. Ezkerretik hasita: Portugal, Azkue, Bilbao eta Azpeitia.
Irabazleak aukeratzerako orduan pintxoen "bideragarritasuna, aurkezpena eta, batez ere, zaporea" baloratu dute. Azaldu dutenez, "pintxo guztien maila ikusita, ez da erraza izan bi sarien irabazleak aukeratzea, baina lehiaketa guztietan bezala, erabakia hartu beharra egon da", eta hona hemen kategoria bakoitzeko sarituak:
Pintxo kreatibo edo berritzaileenaren saria
Sagarra Gastrobar, Bizkaiko Pintxo Txapelketa irabazi berri duen "Nigicreta" pintxoarekin (atuna, kimchi-a, koko-esnea eta soja).
Pintxo tradizionalaren saria
Burduntzi, "Croissant Iberikoa" pintxoarekin (masail iberikoa, patata eta tipula karamelizatua).