2024an, Mikel Losada aktore ermuarra aukeratu zuen Ermuko Jai Batzordeak. Aurten, arte mundutik aldendu eta kirol alorreko ordezkari ermuarrak bilatu dituzte.
Maiatza erdialdean jakinarazi zuten Maialen Calderón eta Marta Fernández eskubaloi epaileak izango zirela txupina botatzearen arduradun (albistea eta elkarrizketa hemen). Onartu eta gutxira, ordea, Espainiar Federaziotik deitu zieten, Ipar Mazedonian jokatuko den nazioarteko txapelketa batean epaile lanak egiteko. Txapelketak Santixauekin bat egiten dutenez, ezin izango dute Ermuan egon.
Kirol munduko beste ordezkari ermuar baten bila, gimnasia erritmikoko Espainiako txapelketa bigarrenez irabazi berri duen Hodei Rivas zeukaten buruan Jai Batzordekoek (urrezko domina eman zion erakustaldiaren bideoa hemen). Baina, gaztea eta adin txikikoa denez, etxean erabaki dute proposamenari —aurtengoari behintzat— uko egitea.
Azkenean, arte eszenikoetara bueltatu eta, aurten ere, Ermuko aktore familiako ordezkari bikain bat aukeratu dute Santixauak irekitzeko: Alain Kortazar.