"EkiElkar" tokiko energia-komunitatea sortu dute Santa Anan

Ander Gomez 2025ko uzt. 8a, 12:20

Elkartea eratzeko bilera informatiboa, Lobianon. Argazkia: Udala.

Santa Ana auzoa eraldatzeko sortutako drOp proiektu europarraren baitan, energia-komunitate berria eratu dute bertako bizilagunek, Ermuko Udalaren, Tecnaliaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin. 

Santa Anako Auzo Bulegoa sortu zenetik, energia-eraginkortasunarekin lotutako ekintza ugaritan parte hartzeko aukera izan dute bizilagunek: formazioak, tailerrak, hitzaldiak, aholkularitzak... Horrek guztiak ahalbidetu du Ermuko lehen energia-komunitatearen sorrera: "EkiElkar". Komunitate horren parte dira 45 etxebizitza, bertako komertzioak eta Eskolabarri ikastetxea, non drOp proiektuak finantzatutako planta fotovoltaikoa instalatu den:


Eskolabarri ikastetxea, plaka fotovoltaikoak instalatu aurretik eta ostean.

Horri esker, komunitateko kideek aukera dute energia berriztagarria kontsumitzeko, udaletik azaldu dutenez "energia-kostuak murriztuz eta deskarbonizazioari eta tokiko energia-erresilientziari aktiboki lagunduz".

Hurrengo pausuak

Orain, energia-kontsumoaren txosten zerbitzu pertsonalizatua garatzen ari dira, komunitatearen kontsumoa aztertu eta energia aurrezteko helburuarekin. Etorkizunean, energia-komunitateen proiektua Ermuko auzo desberdinetara zabaltzeko asmoa azaldu du udalak, "partaidetza aktiboan oinarritutako hiri-eredu jasangarriago eta energetikoki eraginkorrago baten alde".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.