Ermua Zinema, zine xume baten istorio handia (II)

Estibalitz González 2025ko ira. 9a, 11:31

Ermua Zinemako jatorrizko sarrera.

1955ean Ermua Zinema modura zabaldu zenetik kontaezinak dira bertan proiektatu diren filmak: hasieran zuri-beltzean, kolorez gero, Cinemascopen, 3D-n… Aurreko hileko alean bere historia gertutik ezagutzeko aukera izan bagenuen, oraingo honetan proiektatzearen alde teknikoari eta bestelakoei erreparatuko diegu. Argazkiak: Ignacio Urreta.

Urruneko 1955 hartan herrian gogo handia zegoen Zinema berria ezagutzeko eta, jarduera kultural desberdinen bitartez inaugurazio ofiziala egin ostean, iritsi zen lehen zine emanaldia: 1953an estreinatu eta Alfred Hitchcock-ek zuzendutako Yo confieso, Montgomery Clift eta Anne Baxter protagonista legez zituena.
Bere funtzionamendua bermatuz, sorreratik herritar askok kolaboratu zuten, txakur handirik kobratu gabe. Noizean behin afari bat ematen zitzaien, erakusten zuten konpromisoa eta dedikazioa eskertze asmoz. Antoniok, esaterako, ondo ezagutu zituen Zinemaren barrenak: operadore modura jardun zuen, proiekzioa emateko ardura nagusiarekin. “On Teodoron zinia” modura ezagututa herritarren artean, jende askoren laguntzari esker zabaldu zen “batek bost duro, beste batek ehun pezeta… Herritarren ekarpen txikiak ziren gehiena, gero apurka-apurka itzultzen joan zirenak”, azpimarratu du. 
Pelikula gehienak "Todos los públicos" bezala katalogatuta zetozen eta asteburu bakoitzeko bi programatzen ziren: zapatuan helduentzat eta domekero, arratsaldeko hiruretan, txikienei zuzendutakoa; hura amaituta hasten ziren helduei begirako beste hiru saioak. Mota guztietako filmak ekartzen ziren, estreinatu berriak gutxi “dirutza ordaindu behar zen eta Zinema jarduera benefikoa zen”, argitu du Antoniok. Mantenu gastuak eta pelikulen alokairua ordaindu ostean geratzen zen dirua herriko kolektibo desberdinak laguntzeko bideratzen zen: gaixoak, adinez nagusiak… 

Azetonarekin konponduta
Sarri-sarri proiektatzearen ondorioz pelikula-zinta batzuk siku eta erabat gastatuta etortzen zirenez, erraz apurtzen ziren, aretoko pantaila zuriz lagata. Kabinatik entzuten ziren ikusleen haserreak, txistu-jotzeak, orroak, lurraren kontrako ostikadak…! “Proiekzioa geratu, aretoko argia ixiotu eta apurtutako zintaren bi aldeak elkar lotu behar izaten ziren. Fotogrametan salto handirik ez izateko, bi puntei azetona ematen zitzaien brotxatxo batekin, alde biak kutxila batekin harraskatu ostean. Segituan sikatzen zenez, zinta prest egoten zen berriro proiektatzen jarraitzeko. Hortik nekez hautsiko zen berriro!”, adierazi du Antoniok. Butakak ere sarri azaltzen ziren apurtuta, labanekin apropos zartatuta gaineko tapizatua edo ostikoz zulatuta aurreko jarlekuaren egurra. Haien konponketa lan neketsua eta astunetarikoa izaten zen Zinemaren boluntarioentzat. 
Zine-operadorea adi beti: bere ardura zen makinak, pantaila eta soinua zaintzea, eta batez ere ahotsak eta irudia sinkronizatuta zihoazela frogatzea. Errobera txiki batekin objektiboan irudia garbi ateratzen zela graduatzen zuen ere. “Pelikula osoa metalezko 7-8 bobinatan etortzen zen eta makina-proiektorean ordena jakin baten sartu behar ziren, zenbakiaren hurrenkera zainduta. Erratu eta bigarren bobina esaterako laugarrenaren atzean ipini ezkero, akabo: geratu proiekzioa, desmuntatu pelikula, topatu non dagoen okerra… Ez zitzaidan sekula gertatu eta pentsatze hutsak ere…!”, dio larri Antoniok.

Ossa VI 
Zinera joateko zaletasun handia zegoen herrian eta 1979an Guria Zinea itxi izana igarri egin zen: erdigunetik gertuago, Zinemako ikuslegoak gora egin zuen nabarmen. Hango makinetako bat ekarri zen, Ossa VI bat (ikusgai Antzokiko bigarren solairuan, kaletik ere bistan): honek aurrerapen handia suposatu zuen, ze pelikula guztia karrete bakarrean batzen zuen, proiektatu ahala, automatikoki. Haren aurretik bi makina izan zituzten, eta lehenengoan sartutako bobinen proiekzioa amaitu aurretik bigarrena piztu behar izaten zuten, hurrengo eszenekin jarraitu ahal izateko. “Hasieran elektrodoekin egiten zen lan, ikatzekin. Pentsa!”, argitu du Antoniok. 
Iragarpenak ematen ziren ere, kristalezko plaka batzuetan margotutako irudien bitartez: euskarri baten sartu, laupabost segundoz proiektatu eta eskuz kentzen ziren, hurrengoa sartu ahal izateko. "Descanso" idatzita zuen beste irudi batetik sofa baten etzandako andrazko batek atsedenerako unea iritsi zela gogoratzen zuen ere.

Zinema ondoan Tonbolako laguntzaileetako batzuk.


Hornitzaileak Bilbon zuen bere bulegoa, “San Mames ondoan eta sarritan eraman izan dut On Teodoro bertara”, gogoratu du Antoniok. Furgoneta batekin egiten zuten gero herriz herriko pelikula-bobinen banaketa, zaku astunak garraiatuz. Gaur egun pelikulok ez datoz jada zakuetan: Internet bidez baimentzen da proiekzioa, filmari dagokion kode baten bidez.
Zale batzuk pelikula guztietara joateko ohitura zuten, berdin zer botatzen zuten. Titanic izan zen Antonioren akorduz ikusle gehien erakarri zuenetako bat, aretoko 625 butakak beteta “kristona izan zen, funtzio guztietan jendez lepo goiko aldea ere… Arrakasta handia ere izan zuten antioju batzuk jantzita ikusi behar ziren haiek, protagonistak pantailatik irten eta gainera zetorkizula ziruditenak”, azaldu du. 
Bi erronbodunak ere iritsi ziren. Pelikula baten eszena pixkat erotikoagoa edo pikanteagoa zetorrela ikusita, kabinatik pantailako objektiboaren parean kartoi bat ipintzeko eskatu zioten behin Antoniori. Zortzi-hamar segundoz ilunduta pantaila, aretoan itzelezko haserrea eta ikusleen artean ikaragarrizko buila sortu zen. “Buah, a ze iskanbila behean! Klaro, onena kendu nien…!”, gogoratu du irribarretsu. “Hurrengoetan, pelikula zetorren moduan proiektatzen nuen, dena jarraian eta zentsura barik! Han ikusten ez zutena beste leku baten ikusiko zuten eta aurrera!”, gehitu du. Litxarreria asko jaten zela dio, “zakuak eta zakuak zabor ateratzen genuen eta jate karraskadan egiten zen zarata estaltzeko, audioaren bolumena igotzen nuen, jende asko zegoenean egiten nuen bezala” argitu du.
Domeka gaueko azken saioa amaitu orduko aldatzen zen Izelaietako sarrerako kartelera. Kristal osteko sei fotograma haiek ziren hurrengo asterako amua, filma erromantikoa, poliziakoa, barregarria, beldurrezkoa edo abenturazkoa izango ote zen iragartzen zutenak. Eta aste betera, herriko zine zaleen gozamenerako granate-koloreko teloia berriro zabalduko zen!

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.