Udazkeneko programazioa aurkeztu du Ermua Antzokiak

Ander Gomez 2025ko ira. 4a, 14:05

Urte bukaerara bitartean, kontzertu, antzezlan eta bestelako ikuskizun bereziez beteko dira Ermua Antzokiko eta Lobianoko agertokiak.

KONTZERTUAK

Iazko programazioan Antoñito Molina cadiztarraren kontzertua bertan behera geratu zen eta aurtengo udazkenean lehena izango da antzokiko taula gainera igotzen. Gerora, punta-puntako beste bi bakarlarik hartuko dute lekukoa: Depol kantautore katalanak eta Olaia Inziartek. Borobiltzeko, Santero y los Muchachos rock taldeak emango du urteko azken kontzertua.

Horiez gain, Ameriketako doinuak (folka, bluesa, tangoa...) hartuko ditu Lobiano Kulturguneak, El Twanguero, The Big Marteen's eta The 44 dealers taldeen kontzertuekin.

ANTZERKIA

Helduentzako euskarazko bi antzezlan daude aurreikusita: "Artea" (Txalo Produkzioak), Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreekin; eta "“Badakizu plastikozko loreak ez dira inoiz bizi izan, ezta?” (Tanttaka), Aitziber Garmendia, Telmo Irureta eta Mireia Gabilondorekin. Gaztelerazko antzezlanak bost izango dira: “¡Qué fantástica esta fiesta!” (La Brecha), “Una madre de película” (Teatro Bellas Artes), “War baby” (Yllana), “Macho grita” (CNTC, EQM Serveis Culturals) eta “El bar nuestro de cada día” (La Canalla).

Haurrentzako antzezlanak hiru izango dira, guztiak euskaraz: Ene Kantak taldearen “Bisonte-Mastodontearen bila”, iaz bertan behera geratu zen "Arrainak bihotzean" (Mar-mar), eta bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituen "Semaforoa" (Logela Multimedia).

BESTELAKOAK

Antzokiak bestelako emanaldi bereziak ere hartuko ditu, hala nola: Nabucco operaren proiekzioa, “Los perros” dantza ikuskizuna, ZKZ Zirku Topaketa, eta ohiko San Martineko bertsolaritza eta Santa Zeziliako musika-dantza jaialdiak.


Ikuskizun guztien datak, ordutegia eta prezioa AGENDAN ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.