Folkez Blai jaialdiak musikaz bete ditu Ermuko plaza eta kaleak asteburuan. Bereziki ospatzekoa izan da aurtengoa, lehiaketak hogei urte bete ditu-eta. Azken hiru egunotan burutu da azken fasea, finalistek eta talde gonbidatuek eskainitako kontzertu sortarekin.
Kanpotik etorritako gonbidatuen artean izan dira Milladoiro taldea eta Antía Caaveiro, Antón Lago & Xosé Liz, Galiziatik; eta XIX. edizioko irabazlea izan zena, Golconda taldea, Kataluniatik. Horiez gain, kaleak alaitzen ibili ziren atzo Bentazaharreko Mutiko Alaiak, eta jaialdiaren lehen egunean Foulareda eta Alboka Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleekin:
Argazkiak: Nahia Ruiz Albizuri.
Lehiakideei dagokienez, egunero bi talde finalista igo dira plazako taula gainera, Folkez Blai lehiaketaren XX. edizioa irabazteko lehian: Ostiralean, Ache Pa Ti (Iruñea) eta Harribitxi (Bilbo-Burlata); larunbatean, Xara (Madril) eta Matazúa (Asturias); eta igandean, Entós (Asturias) eta Gorrondatxe (Getxo). Atzoko kontzertuon ostean egin zen sari banaketa, eta Xara eta Harribitxik irabazi zituzten lehen eta bigarren sariak, hurrenez hurren (sari-banaketaren albistea bideoekin HEMEN ikusgai).