Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordea batu zen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta zeuzkaten hiru aztergaietatik bat Ermuko Mendebaldeko Saihesbidearen proiektua zen. Raul Mendez EH Bilduko batzarkidearen eskakizunez, Carlos Alzaga Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak agerraldia egin zuen, Urtiako Fasearen berri emateko.
Alzaga eta Mendez atzoko batzarrean. Irudiak: BNN.
Gutxienez beste urte bateko atzerapena aurreikusten dela esan zuen Alzagak, "tramitazio eta ekintza administratiboen segida bat" argudiatuta. Proiektuaren lehen bertsioa 2026ko otsailean onartzea espero dute —ondoren alegazioak egiteko epea zabalduz—, eta bigarren bertsioa 2026ko ekainean. Obrak urte horretako abenduan hasiko lirateke, epe hori ere zalantzazkoa izanik.
Batzar ostean, haserre agertu zen Beatriz Gamiz alkatea: "Gaur (atzo) entzundakoak ez dira azalpenak, aitzakiak baizik". Aldundia berriro ere ez dela bere konpromisoa betetzen ari salatu zuen, eta adierazi zuen Ermuko herria "urte gehiegi" daramatzala zain eta aspertuta dagoela "inoiz betetzen ez diren promesekin". Ermuko Udalak zabaldutako komunikatuan "onartezintzat" jo du atzerapena, "luzaroan aldarrikatu den azpiegitura" eta "herritarren osasunerako, atsedenerako eta segurtasunerako funtsezkoa" delako.
Kontraesanak eta erantzun eza salatu dute
Udalak gogorarazi du diputatuaren adierazpenak kontraesanean daudela Aldundiak berak eta aurreko erakundeetako arduradunek publikoki hitzemandako epeekin: 2023ko urtarrilean, Imanol Pradalesek —egungo lehendakariak, baina garai hartan Azpiegitura saileko diputatua zenak— Cadena SER irratian adierazi zuen "obra 2025eko urtarriletik edo otsailetik aurrera lizitatu eta gauzatzen hasi" ahal izango zela. Urte bereko apirilean Aldundiak argitaratutako oharrak ere honakoa zioela gogoratu dute: "Eraikuntza-proiektua amaituta egongo da 2025eko udaberrian, eta, obrak udazkenean lizitaziora atera ondoren, negu horretan bertan hasiko dira".
Bestalde, azken hilabeteetan Aldundiaren partetik izandako erantzun eza ere salatu dute. Trafiko astuna mugatzeko mozioa onartu zen osokoan (albistea hemen) José Manuel López hirugarren alkateordeak azaldu zuen "2024ko abendutik ia hilero esku-hartze, gutun, bilera edo bestelako komunikazioren bat" egon dela udalaren aldetik. Gehienetan "isiltasuna edo erantzun osatugabeak" jaso dituztela azaldu du orain alkateak, "uneoro informazioa errespetuz eta bide instituzionaletatik eskatu den arren".
Mobilizazioak iragarri dituzte, oraindik datak zehaztu barik
Hori dela eta, Ermuko Udala mobilizazio eta protesta ekintzen egutegia prestatzen hasi dela jakinarazi du: "Aldundiak erreakzionatzen ez badu, Udal hau kalera aterako da Ermuko herritarren alboan". Udal-talde guztiak eta bizilagunak batzea da asmoa, "Aldundiari Ermuarekin dituen konpromisoak bete ditzala eskatzeko".
2023ko martxoan egindako manifestazio instituzionala, "Saihesbidea eta kitto" lemapean. Argazkia: Udala.