Atzo, astelehena, San Martineko babajanerako tiketak jarri zituen salgai Euskal Birusa Elkarteak. Bulegoa zabaldu aurretik ilaratxoa sortu zen atean eta hamar minutuan "ia erdia" saldu zutela kontatu dute. Eguerdirako hemezortzi tiket besterik ez ziren geratzen eta gaur goizean saldu dira falta ziren azken hamarrak.
Elkartetik "pozarren" agertu dira beste urte batez Merkatu Plaza beteko delako, eta azaldu dute bazkaria ez dela postre eta kafearekin amaituko: "Bazkalondoan, Ermuan Kantuanen saio berezia izango dugu, Begibide taldeak girotuta formatu akustikoan".
Zapi tailerra eta talo ikastaroa
San Martin Batzordetik gogorarazi dute azoka egunerako prestatzeko bi ikastaro zabaldu dituztela:
Datorren ostiralean, urriaren 24an, baserritar jantzi tradizionalaren zapia janzten ikasteko tailerra egongo da, Laura Cruz eta Mari Carmen Urkidiren eskutik. Lobianon izango da, 18:00etan, eta plaza kopurua 25 lagunera mugatuta dago. Doako ekintza da, baina erreserba egitea beharrezkoa izango da.
Bestalde, urriaren 30ean, taloak egiten ikasteko saioa egingo da Malengo Elkartean, 18:30ean. Plazak 30 lagunera mugatuta daude eta 16 urtetik gorakoek bakarrik hartu ahalko dute parte. Izen-emateak 3 euroko kostua du eta urriaren 29a izango da inskribatzeko azken eguna.
Ikastaro hauetan parte hartzeko interesa dutenek euskalbirusa@gmail.com helbidera edo 688 632 874 watxapera idatz dezakete.