Iraileko osoko bilkuran, Julen Domínguez zinegotziak (Elkarrekin Ermua) udalerriko espaloietan dauden zuhaitzen inguruko kezka mahaigaineratu zuen. Edozein arrazoirengatik apurtu edo hiltzen direnean "desagertu" egiten direla salatu zuen: "gainetik zementatzen da, eta zuhaitza zegoen tokian jada ez da ezer existitzen". Kezka azalduta, egoera zein den argitzeko eskaera egin zuen.
Ermuko Ezker Anitzak partekatutako argazkiak.
Atzoko osoko bilkuran hartu zuen hitza Rosa María Cid lehenengo alkateorde eta Hirigintza Saileko buruak (PSE-EE/PSOE), Dominguezek egindako eskaerari erantzuna emateko. 2025ean zehar egin diren mozketa guztiak eta hauek gauzatzeko arrazoiak zerrendatu zituen: Lehen esku-hartzea urtarrilaren 30ean egin zen, Zubiaurre kaleko 48 zenbakian, enborra ustelduta zegoela ikusi zelako; otsailaren 10ean, Monte Hermoso kaleko txaleten alboko lursailean egin ziren, sustraiek inguruko etxeetan kalteak eragiten ari zirela atzeman zelako; maiatzaren 26an, Valdespinako magnolioa moztu zen, erortzeko arriskua zegoelako —aurretik zuhaitza suspertzeko tratamenduak egin zirela zehaztu zuen, baina eraginik izan ez zutela eta txosten tekniko guztiek mozteko beharra adierazten zutela azaldu zuen—; urtarrilaren 30ean eta uztailaren 16an, hiru esku-hartze egin ziren Zubiaurreko 29 zenbakian, bertako zuhaitzak gaixorik zeudelako eta oinezkoentzako arriskutsua zelako; abuztuaren 6an, San Pelayo kaleko 44-50 zenbakien atzealdeko mendi-magalean, altuegiak eta lodiera nahikoa ez zuten zuhaitzak kendu ziren, bereziki haize-egunetan arrisku handia zutelako; bukatzeko, urriaren 8an, Zubiaurre 32ko zuhaitza kendu zen, enborra egoera txarrean zegoelako eta erortzeko arrisku garbian. Lan hauek udalerriko parke eta lorategien zaintzaren kontratua duen Arbolan enpresa arabarrak egin ditu.

Iazko urrian haizeteak apurtutako zuhaitza, Ongarai eskolan. Argazkia: Nora Gaston.
Haizeagatik edo bestelako arrazoiengatik erori diren zuhaitzen erretiratze-lanetaz Udal Bridada arduratu da. Esku-hartzeak zonalde hauetan egin dira: Ongarai eskolan, urtarrilaren 29an; Betiondoko bidegorrian, otsailaren 4an eta maiatzaren 5ean; Zearrekobueltan, maiatzaren 5ean; Okinzurin, maiatzaren 5ean eta 14an; Torreta Etxean, otsailaren 2an; eta Elorreta Bidean pasa den ostiralean, urriaren 24an.
Herriguneko zuhaitz guztiak ikertzeko proiektua martxan
Aurrera begira, udalerriko zuhaizti osoa ikertzeko lanetan daudela azaldu zuen Cidek. Lan hauetarako aurrekontua 18.000 eurora aldatu zen ekainean, eta kontratua Renatura SL enpresari esleitu zaio 17.999,96 euroko zenbatekoan. Azterketa-lanak egin dituzte jada eta txostena osatzen ari dira orain. Proiektua alkatearen aginduz jarri zen martxan, hasiera batean Zubiaurre eta San Pelayo kaleetako zuhaitzak aztertzeko, baina EH Bilduren eskariz udalerri osoan egingo da.