Ermuarrek garbi utzi zuten ez dutela "ez aitzakiarik, ez atzerapenik" onartuko saihesbidearen eraikuntzan

Ander Gomez 2025eko azaroaren 22a

Atzo iluntzean, ehunka herritarrek Ermuko kaleak eta errepideak hartu zituzten, Aldundiak mendebaldeko saihesbidearen eraikuntzan iragarri dituen atzerapenen aurrean protesta egiteko.

Ermuko saihesbidearen Urtiako fasearen lanak 2025 bukaeran hastea aurreikusita zegoen. Saihesbidearen aldeko plataforma, ordea, irailetik hasi zen lanak atzeratuko zirela ohartarazten zuten mezuak zabaltzen. Usteak urrian konfirmatu ziren, hilaren 15eko Bizkaiko Gorteen batzarrean Carlos Alzaga foru diputatuak gutxienez urtebeteko atzerapena egongo dela baieztatu zuenean (albistea hemen). Ermuko hiritar plataformak "onartezin" bezala kalifikatu zuen atzerapen berria, eta mobilizazioa deitu zuen azaroaren 21erako.

Horrela, ehunka herritar abiatu ziren atzo, 18:30ean, Torrekuatik. Kaleak ez ezik, errepideak ere hartu zituzten, portadako argazkian ikus daitekeen bezala, arazoaren parte den trafiko astuna ere geldiaraziz. Herritarrek garbi utzi zuten ez dutela "ez aitzakiarik, ez atzerapenik" onartuko, eta plataformako kideek Bizkaiko Foru Aldundia gobernatzen duten EAJ eta PSE-EE interpelatu zituzten zuzenean, konpromisoak "behingoz" betetzea eta obrak "berehala" hastea eskatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.