Haurrak eta mugikorrak: debekatu edo hezi?

Ziur nago zuetako batzuei ezaguna egiten zaizuela 9-10 urteko zuen seme-alaben eskaera: "Ama/aita, nire lagunek mugikorra dute, nik ere bat nahi dut... bestela, gelako bakarra izango naiz mugikorrik ez duena". Eta jakina, gelako norbait mugikorrarekin ikusten duen bakoitzean, egundokoa sortzen da...! Baina egia da, halaber, guraso batzuekin hitz eginez gero, konturatzen zarela istorioa errepikatzen dela. Hau da, batzuek mugikorra dutela, baina ez ikasle guztiek, ezta gutxiagorik ere!

Adin horretako umeentzako, 9 eta 10 urte ingurukoentzako, urtebetetzeetarako eta jaunartzeetarako oparirik onena izaten da mugikorra, bideojoko-makinekin batera. Baina gainera, horrenbeste erabilera dituenez, jolasteko ere erabil daitezke eskuko telefonoak.

Eztabaida kalean dago

Zein adinetik aurrera da gomendagarria haur bati mugikorra ematea? Batzuek diote DBH hasten dutenean, 12 urterekin; beste batzuek esaten dute adinik onena 16 urtetik gora dela. Dena den, etxean mugikorra ez emateak ez du esan nahi umeek eduki jakin batzuetara sarbiderik ez dutenik. Eta gainera, adin bereko haur guztiak ez dira berdinak, eta ez dute heldutasun bera.

Mugikorrak gure eguneroko bizitzako kontu asko errazten dizkigu, normalean ikusten ez ditugun pertsonekin harremanetan egoteko aukera ematen digu, eta ahalbidetzen digu hain sinple bezain beharrezkoa den laguntza-dei bat egitea. Baina badu beste alde negatibo bat ere: sare sozialek gu nahastu eta irensteko arriskua, esaterako.

Egoera horretan, hezitzaileok (gurasook, tutoreok, irakasleok...) mugikorren erabileraren alde onak eta txarrak erakutsi behar dizkiegu umeei, eta ulertarazi behar diegu, oro har, begirada pantailatik altxatzen denean gertatzen direla gauzarik interesgarrienak.

Baina horretarako, guk ere, helduok, koherente eta eredu izan behar dugu.