1925

Trabakura arteko bidegintza

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak 2025ko urt. 5a, 07:35

Mallabia, 1925.

Ermutik Arrangizganaraino, herritarren artean Trabaku bezala ezagututako mendateraino zeraman errepidea egin osteko erretratua da hauxe, herritar eta udalen ordezkariz osatuta. Bi urtez luzatu ziren lanak eta, kartelean idatzita dutena irakurrita, bi herrien izenean On Serafin bat agurtzeko baliatu zuten, lanak egiteko orduan emandako laguntza eskertze asmoz.

I. Mundu Gerraren osteko armagintza-krisialdiaren ondorioz, bailarako eta zelan ez Ermuko eta Mallabiko familia asko egoera latza jasaten ari ziren. Sasoiko dokumentuen arabera, Ermuko alkateak, ezbeharren bat gertatzeko beldurrez,  Bizkaiko Diputazioari eskatu zion mesedez ekiteko lehenbailehen errepidearen lanei, egoera larrian zeuden familiei soldata bat ziurtatu ahal izateko. Ondorengo urteetan amaitu zen Ermuko Albarraundi harrobitik ateratako harriz eta kare-harriz gogortutako Trabakura arteko bidea, auzolanean pikatxoi eta palari gogor ekinez egindakoa. Zati batzuk baina eskasagoak ziren: gurdien erroberek zulogune sakonak egiten zituzten lekurik aldapatsuenetan eta toki batzuetan, eurien ondorioz, lurra bigunduta eta putzuz beteta egoten zen ia beti, bazterretan lur-jausiak ez bazeuden. Bide-zati horien konponketek eta mantenuak potolotzen zuen batik bat udal bien urteroko aurrekontua.