1942

Zengoitten gari-ebaten

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak

Mallabia, 1942.

Argazkian Maria Elordi Agirrebeitia neskatoa eta bere amaren izekoa zen Josepa Narbaiza Bilbao, igitaia eskuan garia ebakitzen Zengoitteko euren Goti baserriko soloan, eskolen gainean zutena eta Arietzu mendiaren magala atzean dutela. Argazkia: Gerediaga Elkartea. Argazki artxiboa.

1928ko azaroan jaiotako Maria gaztea, Iruzubietako Elorrixa Baztarreko alaba zen, Jose Ignacio eta Tomasaren 11 seme-alabetan nagusiena. Sarri etortzen zen Zengoittera, aittitte-amumen Goti baserrietxera bisitan eta ahal zuen zeregintxoetan laguntzera. Iruzubietako Arta Aixpeko Eusebio Larruskainekin ezkondu zen eta Katillutxueta baserrian biziko ziren lehenengo eta Markina-Xemeingo herrigunean gero. Galdakaon zendu zen Maria Elordi, 2011ko apirilean.

1867an jaiotako Josepa Narbaiza izekoa, ostera, Gotin biziko zen harik eta Berrizera lekualdatu ziren arte; bertan zendu zen 1949an. Irrintzilari legez nabarmendu zen bere inguruan, botatzen zituen ijui luze eta indartsuengatik.

Argazkia Diego Quiroga Losadak atera zuen, Santa Maria del Villarreko IX. Markesak eta Ismael Román Bravok 2001ean argitaratutako “Berrizko Euskara” liburuaren azala izan zen. Gerediaga Elkartearen artxibo funtsean gordetzen da .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.