1959

Celestino Aranzeta Gorosabel soinularia

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak

Mallabia, 1959.

Semez Elgetako Larrabiltxo baserrikoa, anaia zaharrenaren pare, txirula eta soinu handia joten ikasi zuen, belarri hutsez ikasi ere. Gazte denboran makinatxo lagunarte alaitu zituen bere doinu eta kantuekin. 

Mallabiko Bitoita Gainekoa baserrira ezkondu zen bertako alaba zen Juana Otalora Ansotegirekin  eta soinean ekarri zuen musikarako zaletasuna. Kantatzea demasean gustatzen zitzaion eta Parrokiako koruan abesten zuen. Gainera ohiko bihurtu zitzaien auzokoei Celestinoren akordeoi musikak entzutea behiak larrera bota eta bera ganaduzainen zegoenen. Ekinaldirik luze eta jakinena domeka goizetakoa izaten zen: euren etxaurreko jarlekuan paratu, soinuari hauspoaldi  batzuk eragin eta mezetara orduko ekinalditxoa egitea gustatzen zitzaion.

Irratian jartzen zituzten piezen artean bere gustuko bat entzuten zuenean, soinua hartu eta melodiaren notak ateratzen hasten zen. Apurka-apurka eta ekinaren ekinez beti lortzen zuen airea ematea kantuari. Habanerak, pasodobleak… dantza loturako kantu asko joten zituen eta baita Tropikoko usain eta erritmo biziak gogoratzen dituzten “Moliendo café” bezalako abesti alaiak. Gabonetan, Andramarixetan, jaiegun handietan… soinua eta berau jotzeko gogoa, aldean beti Celestinok! 1977an hil zen, Bittoitten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.