1959

Lorenzo Aranburu eta familia

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak 2025ko urr. 26a, 08:13

Mallabia, 1959.

Aitxu auzoko Etxezaharrean 1925ean jaio zen Lorenzo Aranburu Amondo eta 4 urteko mutiko koskorra zela Osmako Zubittei baserrira aldatu zen familia osoa. Soinu jole eta musika zale artean hazi zen: Santiago aitak eta Floren anaiak soinua jotzen zuten,  Benito anaia dantzaria zen, dantza-sueltoko txapelketetan ibilitakoa…

Bere kaxetara ikasi zuen soinu txikia, ekin hutsez trebatuz. Aitarena hartu eta egin ahalak egiten zituen hura hauspotzen, notekin burrukan, ñi-ño! eta ñi-ño!, ikasitako piezaren baten melodia atera arte. 

Astean zehar biharrera joaten zen Ermura, Zubi-Ondo tailerrera eta jaiegunetan, kanporako euria edo denbora eskasa bazen endemas, soinua jotzea zeukan gustuko. 

“La chica del 17” cuplé-a izango zen bere errepertorioko melodia gogoenetako bat. Idi-proba mundua zen bere beste zaletasunetako bat eta hainbat erakustalditan hartu zuen parte. 2005ean zenduko zen.

Argazki honetan familian agertzen da. Ondoan ditu Isabel Garitagoitia Arriaga emaztea, Mari Carmen alaba, Bixente semea eta amaren altzoan Eli, denetan gaztena. Anai-arrebetan Jose Benito falta da, baina hortxe dago, aitaren ezkerraldean, bere kamiseta marradunaren erztxoa erdi ikusten delarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.