Ermuko Udalak trafiko astunarentzako murrizketak onartuko dituela ospatu du 'Ermuko Saihesbidea - ¡Variante Ya!' hiritar plataformak, nahiz eta azken proposamenak Goitondoko kasuan murrizketak bakarrik gaueko ordutegi oso mugatuan —22:00etatik 8:00etara— ezartzea aukeratu izan.
Erakundeek hainbat ezezko eman ondoren iritsi da neurri hau, plataforma 2023aren hasieran aldi baterako hainbat konponbide alternatibo planteatzen hasi zenetik. Ezezko horietako azkena Bizkaiko Foru Aldundiak eman zuen txosten baten bitartez, eta plataformak berak «partziala eta neurriarekiko ezetza justifikatzera zuzendutakoa» zela salatu zuen. Zentzu horretan, plataformaren ustez, ezezko horien gainetik, azken bi urte eta erdiko herri mobilizazio eta presioek ahalbidetu dute Ermuko Udalak neurri hori onartzea. Hala ere, udal instituzioak izan duen atzerapena ere azpimarratzen du; izan ere, neurri hori gutxienez 2018an egin zitekeen, saihesbidearen hegoaldeko zatia amaitu zenean.