Urtarrilaren 21ean bueltatuko dira Mallabiako Futbol Taldeak antolatutako Superigandeak.
Goizeko 11:00etan hasita, multikirola egingo dute frontoian: arku-tiroan, sokasaltoan eta boloetan arituko dira; baita pisu-, disko-, eta jabalina-jaurtiketak egin ere. Bazkaltzeko etenaldiaren ostean, Kontzejuzarrean elkartuko dira, 16:00etan. Bertan, bingoan, xakean eta bestelako mahai-jokoetan arituko dira.
Parte-hartzea
5-16 urte bitartekoek hartu ahalko dute parte, eta ez dute inon inskribatu beharrik; nahikoa izango da egunean bertan AD Mallabia FTren bazkide txartela erakustearekin.
Bazkide txartela egin nahi izanez gero, 12 euroko kostua duela jakinarazi dute antolakuntzatik. Jasotakoa Superigandeak bezalako ekimenak eta txapelketak prestatzeko erabiltzen dute (kirol materiala, jokoak, pelikulak, botikinak eta bestelakoak).