Hilekoaren zikloa ezagutzeko tailerra

Ander Gomez 2024ko ots. 21a, 08:01

Jaione Guisasola hezitzaile menstruala, tailerra prestatzen.

Martxo hasieran, hilekoa duen edozein mallabitarrek zikloaren ingurukoak ikasteko aukera izango du Zikloa Ezagutzen tailerrean. Zaparrada Elkarteak antolatu du, Mallabiko Udalaren laguntzarekin, eta Askazi Heziketa Menstrualak gidatuko ditu saioak.

Inskribatzeko epea datorren astelehenean bukatuko da.

Argazkiak: Askazi H.M.

Zaparrada Elkarteak hilekoaren zikloa ezagutzeko tailerra antolatu du Mallabian. Askazi Heziketa Menstrualeko Jaione Guisasolak gidatuko du eta apuntatzen direnekin hiru gai nagusi landuko ditu oro har: Zikloaren funtzionamendua, autoezagutzarako tresnak eta hilekoa jasotzeko produktuak.

Bi ostiral izango dira segidan (martxoak 1 eta 8), eskolako frontoian, eta saio bakoitzak 2 orduko iraupena izango du, 18:00etatik 20:00etara.

Izen-ematea

Tailerrak 10 euroko kostua du eta egunean bertan ordaindu ahalko da. Ikasleek eta langabetuek dohainik har dezakete parte, baina inskribatu beharko dira berdin-berdin. 20 plaza jarri dituzte hasiera baten, baina taldeak 25 lagunera zabaltzeko posibilitatea dauka. Behin plazak beteta, ez da eskaerarik onartuko.

Eibarko Andretxean egindako saioa.

Interesa dutenek Zaparrada Elkartearekin jarri beharko dira harremanetan: zaparradaelkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz edo @zaparrada_elkartea instagram kontura mezu pribatua idatziz.

Hurrengo astelehena, hilak 26, izango da izena emateko azken eguna.