Nahikari Emakumeen Elkarteak "Gure gorputzak, hainbat lurralde" argazki-erakusketa ekarriko du Mallabira martxoan.
FEKOOR elkartearekin (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailearekin) elkarlanean egin dute eta desgaitasun motaren bat duten emakumeak izango dira erakusketaren protagonista. Sheila González Azcona argazkilaria izan da emakumeok erretratatzearen arduradun, zuri beltzean dagoen 33 argazkidun erakusketa osatuz. Asmoa "gorputzen aniztasuna eta edertasuna aldarrikatzea" dela adierazi dute Mallabiko emakumeen elkartetik.
Erakusketaz gain, ordu beteko hitzaldi-solasaldia egingo da hilaren 9an (larunbata), 12:30ean hasita.
Protagonisten testigantzak
Ekitaldi horretan, proiektuaren sorrera eta helburuak ezagutzeaz aparte, aukera egongo da argazkietan modelo jardun duten hainbat emakumeren esperientzia pertsonalak entzuteko. FEKOOR elkarteko berdintasun sailburu Izaskun Jimenezek azaldu duenez, hitzordu honek balioko du "gorputz normatibotasunaren inguruan sakon hausnartzeko, emakumeari orokorrean eragiten diona, baina are gehiago desgaitasun fisikoren bat duten emakume hauei".
Nahikaritik herritarrak animatu nahi dituzte bertaratzera, baina baita erakusketa eta solasaldiaren hitzordua partekatzera ere, "sortu duten argazki-lan polit hau mundu guztiak ikus dezan".