Azken orduko aldaketak Mallabiko Gazte Egunean

Ander Gomez 2024ko ots. 29a, 07:59

2015. urteko Gazte Eguna. Argazkia: Mallabiko Gazte Artaldea.

Zapatu honetan ospatuko da VI. Gazte Eguna eta ekintza mordoxka prestatu dituzte Mallabiko Gazte Artaldeak eta Gazte Asanbladak. Eguraldia lagun izango ez dutela iragarri da ordea, eta bazkaria eta kontzertuak lekuz aldatzea erabaki dute antolakuntzatik.

Goizetik hasi eta ordu txikitara arteko festa giroa izango dute gazteek zapatuan ospatuko den Mallabiko VI. Gazte Egunean.

Hasteko, amaiera emango diote Pala Mixtoko Txapelketari eskolako frontoian: 11:30ean semifinala jokatuko dute; ostean finala. 14:30ean gazte bazkaria egin eta bingo musikatuan eta jolas desberdinak egiten pasako dute arratsaldea. 18:30ean hasiko den trikipoteoak iluntzea berotuko du 20:00etatik aurrera egongo diren Katu, Aiama eta Gorrotoa gorroto taldeen kontzertuetarako, eta dantzan amaituko dute gaua, DJ Roka-ren saioarekin.

Aldaketa bi

Kontzertuak plazan egin behar ziren, baina eguraldi iragarpena ikusita, tokiz aldatu eta parkeko aterpean egingo dira azkenean. DJ saioa Herriko tabernako soziedadean izango da, aurretik programatu bezala. Bestalde, elizpean egin behar zen gazte-bazkaria frontoira pasatu dute.