Asto proben XVI. sariketa jokatu zen Mallabian asteburuan

Ander Gomez 2024ko mar. 5a, 08:09

Martxoaren 1ean, 2an eta 3an asto proba sariketa antolatu zuen Mallabiko Udalak, Txondor herri kirol taldearen laguntzarekin. Frontoiko probalekuan egin zuten eta —parte-hartzaile guztiek diru-saria jaso bazuten ere— 500 euro, manta, garaikurra eta txapela eman zioten irabazleari.

Irudiak: Estibalitz González.

Mallabiko Pisu Libreko Asto Proben XVI. Sariketa jokatu zen pasa den asteburuan.

Hiru egunez, bederatzi parte-hartzaile irten ziren Mallabiko frontoiko harrizko zorura: Salvador Erleaga, Unai Sarrionandia eta Torrontegi Eraiketak ostiralean; Tokaios, Landaluze eta Irazola larunbatean; eta Billabaso, Etxabe eta Imanol Erleaga igandean. 20 minutu izan zituen bakoitzak eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen arautegia jarraituz egin zuten.

Txapelduna zaldibartarra, astoa mallabitarra

Garaipena Unai Sarrionandia Areitioaurtena zaldibartarrak lortu bazuen ere, Mallabin geratu zen txapela, edo erdizka behintzat: Apoita baserriko Jose Luis Irazola du osaba (proban parte-hartzaile ere) eta bertan dauka (eta bertan entrenatzen du) proban parte hartu duen "Isidro" astoa. Irazolak, galdu arren, txapela lortu bezala ospatu zuen ilobaren garaipena.

Erdian Unai Sarrionandia eta osaba Jose Luis Irazola; albo banatan, Elordui eta Joselu karreteroak.